Aritz Abaroa, Bermeoko EAJren alkategaia
Aritz Abaroa EAJren alkategaiak eta bere lan taldeak aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, Gizarte eta Kultura Etxeako hitzaldi aretoan, hurrengo lau urteetarako prestatu duten proiektua.
Jeltzaleen helburua bermeotar guztien bizi kalitate “ona” bermatzea eta “enplegurako aukerak emango dituen herri garbi eta baikorra” lantzea dela azaldu dute. Hala, herria eta herritarrak kontuan hartuko dituen proiektu “sendoa, ausarta eta errealista” osatu dutela adierazi dute.
EAJren arabera, programak gizarte ongizatea, gazteria, euskara, ostalaritza, merkataritza, segurtasuna, turismoa, zerbitzuak, enplegua, garapen sozio-ekonomikoa, auzoak eta kirola moduko gaiak lantzen ditu, besteak beste. Abaroa alkategaiak azaldu modura, “Bermeoko EAJk ilusio eta lan handia egin ostean aurkezten duen programa, bermeotarren egunerokotasuna eta etorkizuna bermatzen duen proiektua da”.
Proiektua gauzatzeko 70 eragile baino gehiagogaz batu direla diote, “bakoitzaren beharrizanak, proposamenak eta iritziak zeintzuk diren lehen eskutik jasotzeko”. Era berean, Bermeoko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako teknikari eta arduradunekaz ere elkarlanean aritu direla zehaztu dute. Modu horretan, Bermeoren gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin, etorkizuneko erronka estrategikoak definitu eta proiektuen bideragarritasuna aztertu dituzte, besteren artean.