Amaiur koalizioaren parlamentaria da Madrilen, eta kazetaria ere bada, bertsolaria izateaz gain. Adierazteko moduak, beraz, asko izan ditu Onintza Enbeitak (Muxika, 1979), baina askatasun hori kolokan ikusten du uztailaren 1ean indarrean jarriko den Herritarren Segurtasunaren Legearekin.
Onintza Enbeita, Amaiur koalizioaren parlamentaria
Atzera bueltarik ez dago, ezta?
Atzera buelta egon daiteke Gobernua aldatuz gero, eta legea aldatuz gero.
Herritarren Segurtasunerako Legeak seguruago egingo al gaitu?
Ez, lege hau Gobernuaren segurtasunerako legea delako. Azken lau urteetan Alderdi Popularrak (PP) helburu argi bat izan du: eskubide sozialak murriztea. Lan erreforma, dependentziaren legea… Eskubide sozialak murrizten dituzten hainbat lege aurkeztu ditu. Orain, protestarako eskubiderik barik utzi nahi ditu beraien eskubideak murriztuta ikusi dituztenak. Beraz, ondo diseinatutako lege bat da.
Aurreko legeen segida bat.
Bai, hori da. Estatu obedientea, isila eta eskubide sozialik gabekoa nahi dute, eta bide horretan beste pauso bat besterik ez da.
Giza eskubideak deuseztatuko diren kontziente al dira herritarrak?
Uste dut ez direla kontziente. Bai PPk, eta baita komunikabideek ere, jakin dute lege honen ondorioak ezkutatzen. Ez da eztabaida serio bat eman, eta jendeak uste du betiko kontua dela. «Manifestazioa eginez gero, polizia etorriko da». Ez. Kontua da manifestaziorako baimena lortzea ere ia ezinezkoa izango dela. Isunak izugarriak izango dira, eta delitu bihurtu dituzten gauzak ere asko dira. Esaterako, escrache bat orain arte ez da ilegala izan, baina lege berriarekin hori ere legez kanpo geratuko da. Ez hori bakarrik, ondorioak terrorismo delituentzako zigorrak baino gogorragoak izan daitezke.
Orain arte kode zibilak jasotzen zituen hainbat gauza, beraz, kode penalaren menpe geratuko lirateke.
Bai, hori da. Eta orain arte falta ziren gauza asko delitu bihurtuko dira, eta delituaren ondorioa kartzela zigorra edo inhabilitazioa dira. Pankarta baten atzean egotea delitu izango da, esaterako. Horregatik diogu hau guzti hau oso ondo diseinatu dutela; lehenengo eskubideak kendu dizkigute, eta, gero, eskubide horien aldarrikapena kriminalizatu.
Kazetaria ere bazara… Informatzeko eskubiderik izango al da?
Non geratuko da kazetarien adierazpen askatasuna? Manifestazio batera polizia baldin badoa, barrikada horrek bi alde izango ditu. Non geratuko da kazetariaren askatasuna barrikada horren alde bakarra baino ezin badu atera? Inoiz ezingo dut bi aldeen froga grafikorik erakutsi. Eta, horrek ekarriko duena da, gertatutakoa kontatzean nire berba izango dela erregimenaren berbaren kontra egingo duena. Nork dio ustez gezurra publikatzeagatik ez zaituztela epaiketara eramango? Madrilen gertatu da orain gutxi. Etxe kaleratze batean barreka ari ziren bi poliziari argazkia ateratzeagatik isuna heldu zaio kazetari bati.
Menpeko herritarrak nahi dituzte.
Bai, eta lege horren arabera, denak gara errudun kontrakoa erakutsi arte.
(elkarrizketaren aurrerapena)