Ekainaren 21ean Euskal Herriko hiruburuetan egingo den ekintza masiboa prestatzen hasita daude jada Busturialdean. Horren guztiaren harira, Joste Egunak egingo dituzte bertoko hainbat herritan; denak ere, jai giroan.
Gure Esku Dagok, hiriburuetan egingo diren ekitaldi nazionaletan, oihalen bidez hautestontzi erraldoiak irudikatu nahi ditu ekainaren 21ean. Aurretik, ordea, herrietan bada zer eginik: oihalak margotzea, mezuz betetzea eta elkarrekin jostea, alegia.
Bermeoko Gure Esku Dagoren aurkezpena
Gure Esku Dago dinamikako kideek ekitaldi ugari iragarri dituzte astebururako: oihalak elkarrekin josteaz gain, horiek mezuez bete eta margotzeko ordua izango da zapatuan [apirilak 25], Bermeon eta Gernika-Lumon.
Gernika-Lumotarrek ehuntze prozesua irudikatzeko asmoa dute. Merkurio iturriaren inguruan jai giroan pasako dute goiza. «Oraindik oihalik erosi ez baduzue, pasatu gure dendatik eta hartu zuen oihal zatia». Bermeon, aldiz, Lameran batuko dira joste lanak egiteko.
EGITARAUA
Zapatuan [apirilak 25 ], Bermeon
- 12:30. Oihalak hamarnaka josiko dituzte jostunek, Lameran.
Zapatuan [apirilak 25 ], Gernika-Lumon
- 12:00. Merkurio iturriaren inguruan, oihalak josiko dira. Horrez gain, elastiko eta oihal salmenta, trikitilariak, bertsolariak eta pintxo dastaketa ere egingo dira.