Hiru mutrikuarrek euren doktore tesiak aurkeztu dituzte jendaurrean
Doktore tesia amaitu berri duten Saioa Elezgaraik, Unai Belaustegik eta Pello Ulaziak euren ikerketen berri eman zuten herenegun, Mutrikun egindako aurkezpenean. Hirurek euren lanen nondik norakoen eta emaitzen berri emateko aukera izan zuten jendaurre...
Aurkezpenak interes handia piztu zuen herrian, eta Zabiel kultur etxeko aretoa jendez bete zen. Bakoitzak bere diziplinari buruz egindako lanaren berri eman aurretik, Leyre Arrieta aurkezpeneko moderatzaileak era labur batean tesi bat zer den eta hori egiteak zer suposatzen duen azaldu zuen.
Azalpenak ematen lehena Saioa Elezgarai izan zen. Biologia molekularrean eta biomedikuntzan doktore denak Prioi errekonbinanteak entzefalopatia espongiformeak aztertzeko estrategia berritzaileak izenburua duen tesiari buruz jardun zuen. Mutrikuarrak osasunaren arloan ekarpen interesgarria egin du, gaixotasun neurodegeneratibo bat eragiten duen proteina aztertuz.
Atzetik, Historia garaikidean doktoretza duen Belaustegik Errepublikanismoa Gipuzkoan 1868-1923 tesia eta hari buruzko argitaratu berri duen liburua aurkeztu zituen.
Azkenik, Pello Ulazia Arte ederretako doktoreak Mutrikuko portuaren inguruan egindako proiektu alternatiboaren nondik norakoen berri eman zuen. Ulaziak planteatzen duena Txurrukak bere garaian egindako proiektuetako batean oinarritzen da.