Bermeoko Udalak, Rafrinor enpresarekin elkarlanean, erabilitako etxeko olioaren birziklatzea indartzeko, sentsibilizazio kanpaina bat antolatu du. Aipatu kanpaina herriko ikastetxeei zuzendutakoa da, herriko neska-mutilak «gai honi buruz» sentibilizatu gura dituztelako. Hala,
laranjarekin bat egin. Zure olioa birziklatu leloa izango du kanpainak.
Erabilitako olioaren birziklatzea indartzea helburu duen kanpaina datorren astean burutuko da eta Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek parte hartuko dute. Udaletik jakinarazi dutenez, talde bakoitzean ordu bete inguruko tailer bat emango da. Batetik, modu didaktikoan, birziklatzeari buruz neska-mutilek daukaten ezagutza maila ikusi eta elkarbanatuko da; bestetik, etxean erabilitako olioa birziklatzeak duen garrantzia azalduko die. Era berean, hondakin hori zertarako erabiltzen den erakutsi die ikasleei.
Bermeoko Udaleko Ingurumen sailetik gogorarazi dutenez, 2014an 11.389 kilo olio bildu ziren, 2013an baino %18,75 gehiago. Lamiarango araztegia martxan dagoela eta, haren funtzionamendu egokirako, etxean erabilitako olioa birziklatzea «guztiz beharrezkoa» dela jakinarazi dute. «Herritar askok birziklatzen badute ere, guztiak egitea lortu behar da araztegiaren funtzionamendu egokirako», diote. Modu horretan, gazteekin mota horretako ekimenak bideratzea «ezinbestekoa» dela uste dute.