Berdintasun teknikari berria dauka Lekeitioko Udalak
Murgibe Berdintasun arloko aholkularitza enpresako Itxasne Martinez Ojinaga izango da hemendik aurrera Lekeitioko Udaleko Berdintasun Teknikaria. Itxasne Martinez soziologoa da, eta hainbat urtez Europako proiektuetan ikerlari eta koordinatzaile lanet...
Herritarrek barikuetan izango dute aukera Berdintasun Zerbitzua jasotzeko, bai eta hilean behin eguaztenetan ere. Horrez gain, hilean behin egiten diren Emakumea eta Berdintasuna Batzordean parte hartuko du teknikariak.
Berdintasun Sailaren egiteko nagusia Berdintasuneko II. Plana ezartzeko aholkularitza ematea, Genero Indarkeria Protokoloaren jarraipena egitea eta Hezkidetza proiektua egonkortzea izango dela azaldu du udalak. «Horregaz batera, planean zehaztutako ekintzak aurrera eraman, egokitu eta ebaluazioak egin beharko ditu», zehaztu dute. Udaleko beharginak eta politikariak ere berdintasun arloan prestatuko ditu.
Bi urte
Kontratua bi urtetarako izango da, eta horretarako 36.800 eurotako aurrekontua edukiko du udalak. Beraz, berdintasun arloan 8.200 euro gehiago inbertituko dituzte.
Berdintasun zerbitzua kudeatzeko negoziazio bidezko prozedura eraman du aurrera Lekeitioko Udalak. Gonbidapena egin zien Emakundek homologatutako enpresei eta interesa izan duten enpresa edo norbanakoei proposamenak aurkezteko.