Musika barik dantzarik ez dagoelako, eta dantzarik barik musika gauza bera ez delako, Gazteak taldearen eta Segundo Olaetako musikarien laguntzagaz, dantza egitera atera dira Gernika-Lumon.
Eskolarteko Dantzari Eguna 2015. Argazkilaria: Gernika-Lumoko Udala
Eguraldia lagun izan zuten domekan, eta, beraz, Gernika-Lumoko Merkatu plazan barik, Urbieta zelaian bildu ziren; guztira, 1.400 bat dantzari eta hainbat bisitari. Eskolarteko Dantzari Eguna ospatzeko hitzordua zuten, eta hutsik egin barik, hala elkartu ziren. Alkondara zuria eta mahonezko prakak edota gona soinean, ekitaldiari ekin zioten.
Neska zein mutil, ume eta gaztetxo, Pasealekuan batu ziren lehenengoz, kalejira egiteko. Hala, elkarri eskua emanda egin zituzten bertatik Urbietarainoko metroak. Eta behin futbol zelaian, tadeka banatuta parte hartu zuten 2015eko Eskolarteko Dantzari Egunean. Herriko ikastetxe eta ikastola guztietako –Allende Salazar, Barrutia, Mertzede, San Fidel eta Seber Altube– ikasleak ziren bertan, noiz dantzatuko zain.
Eta gehiagorik itxaron barik, hankak eta eskuak mugitzeari ekin zioten, bertoko dantzen bitartez. Hala, besteak beste, Dantzari dantza (agintariena, banango, ezpata joko txikia, txotxongilo), Makil jokoa I, makil jokoa II, txulalai, zapatain dantza, San Petrike, Gipuzkoako makil txiki, euzko dantza, arku-dantza eta zinta dantza dantzatu zituzten. Bukatzeko, Benafarroako martxagaz agurtu ziren Gernika-Lumoko ikasleak.
25 bat urtean eutsi diote ohitura bilakatutako egun horri, eta, aurrerantzean ere, hala jarraituko dutela dirudi. Bitartean, dantzaz gozatzen jarraituko dute, eta, era berean, euskaraz hazten ere. Izan ere, Eskolarteko Dantzari Egunaren egitasmoa Euskara Normalizatzeko Plan Estrategikoetan aintzat hartzen dute irakaskuntza esparruan.
Gizarteratzea euskaraz
Azken finean, aipatu egun horren antolatzaileen asmoa «umeen gizarteratzea euskaraz gauzatzea da, ekitaldi erraldoi eta unkigarria bitarteko». Hala, horren bidez, euskal ohiturak eta psikomotrizitatea lantzea, umeen arteko harremanak bideratzea, eta familia giroko ekitaldietan hizkuntza ohiturak gauzatzea lortzen dute parte hartzaileek.