Espetxez aldatu dute Kemen Uranga ondarrutarra
Kemen Uranga Artolaren senideek jakitera eman dutenez, preso politiko ondarrutarra asteburuan espetxez aldatu dute: Alcala Mecotik (Madril, Espainia) Darocara (Zaragoza, Espainia). «Zapatuan, Alcala Mecoko espetxetik atera zuten, eta oraindik ez dugu ...
Printzipioz, senideek ezer gutxi dakite; Alcala Mecon Urangagaz batera zeuden beste preso politiko batzuen senideen bitartez jaso dute Darocara bidaltzekoa eta harako bidean dagoeren berri. Ondarrutarraren senideen arabera, egunak eman ditzake kartzela batetik besterako aldaketak. «Noiz helduko zain gaude».
Atxiloaldi prebentiboan
Senideek atzo HITZAri jakitera eman ziotenez, kartzelaz noiz aldatuko zuten zain zeuden aspalditik. «Alcala Mecon egon den tartean, atxiloaldi prebentiboan egon da. Egia esan, urriko epaiketa egin eta sententziaren berri eduki eta gero, nora bidali behar zuten zain geuden. Itxura denez, oraintxe hartu dute erabakia».
Uranga 2014ko urrian epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, «ETAri laguntza ematea» leporatuta. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen bazuen ere, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
2012ko abuztuaren 8an Londresen (Ingalaterra) atxilotu eta espetxeratu zuten.