Berritasunekin dator aurten II. Udaberriko Azoka
Bigarren urtez, bertoko produktuak erosteko aukera edukiko dute Bermeora bertaratzen diren herritarrek zapatuan 09:00etatik 15:00etara egingo duten Udaberriko Azokan. Aurten, gainera, berritasunak ekarriko dituela jakinarazi dute antolatzaileek.Izan er...
Bigarren urtez, bertoko produktuak erosteko aukera edukiko dute Bermeora bertaratzen diren herritarrek zapatuan 09:00etatik 15:00etara egingo duten Udaberriko Azokan. Aurten, gainera, berritasunak ekarriko dituela jakinarazi dute antolatzaileek.
Izan ere, baserriko lehen mailako produktuak, taloak, gozoak edota kontserbak aukeran izateaz gain, berdelaren marmitakoa ere dastatu ahalko da aurten Bermeoko azokan; hain justu, 13:00etatik 15:00etara.
Udaberriko II. Azokaren aurkezpenean izan ziren Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak, Amaia Elorza Lurgintza zinegotziak, Ainhoa Maguregi Bermeoko Azoka Elkarteko bozeramaileak eta azokako merkatariek, eta, bertan adierazi zuten legez, zapaturako «euskal musikagaz alaitutako giro aparta» aurreikusten dute.
Umeek ere, gainera, ondo pasatzeko aukera ere izango dutela aurreratu dute, horientzako eskulanen tailerrak egongo baitira 11:30etik 13:30era.
Bestalde, azokako saltzaileek poltsa biodegradagarriak jarriko dituzte estreinako erosleen eskura, Produkturik onenak gure baserritik zure eskura lelopean; hala, azokako produktuen kalitatea azpimarratuz.
Udaberriko azoka da Bermeoko Udalak herriko azoka biziberritzeko egindako ekimenetako bat. Urtarrilean, esaterako, hormairudi bat margotu zuten azoka ondoko eraikinean, horrela, udal azoka inguruari itxura berria emanez. Wallart enpresako Aaron Diegok egindako lana da, eta «bermeotarren historiaren, izaeraren, nortasunaren eta beraien lehenengo sektorearen isla» da mural hori.
Horrez gain, udalak merkatua dinamizatzeko eta ekintzaileei negozioak bertan ezartzeko erraztasunak emateko Bermeoko Udal Azokako araudia berritu duela gogora ekarri zuten aurkezpenean.
Azken finean, Bermeoko azoka indartzea da udalaren helburua, bi arrazoi nagusigatik: «Sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren onurarako da, eta gure elikadura ere hobetzen du».
Hala, zapatuko plan horretaz gozatzera gonbidatu ditu Bermeoko Udalak herritar danak.