Aurrerak garaipen garrantzitsua lortu du Ostadarren aurka
Liderrek urrezko hiru puntu garrantzitsu lortu zituzten zapatuan jendez betetako Zaldupen.Xepe Gallastegiren mutilek ondo eutsi zioten partida garrantzitsuari, eta azken puntuekin hirugarren mailarako txartela gero eta hurrerago daukate.Aurrerako nagus...
Xepe Gallastegiren mutilek ondo eutsi zioten partida garrantzitsuari, eta azken puntuekin hirugarren mailarako txartela gero eta hurrerago daukate.
Aurrerako nagusiek asko sufritu behar izan zuten garaipena lortzeko. Momentu batzuetan talde lasartearra nagusi izan bazen ere, etxeko taldeak egindako behar onak saria izan zuen partida amaitzean; Aritz Solabarrietaren bi golei esker, 2-1 irabazi zuten norgehiagoka.
Hasierako minutuetatik partida gogor hasi zuten aurkariek; erasoan azkar ibili ziren, eta lehenengo zatiko lehen bi gol aukerak Ostadarrentzat izan ziren. Aurrerak, ostera, ez zuen bere jokoan etsi, eta lehen zatia amaitzeko gutxi falta zenean, lehen gola sartu zuten Aritz Solabarrietak.
Atsedenaldiaren ostean, Aurrera indarberrituta bueltatu zen zelaigunera, eta handik bost minututara Ostadar taldeko atezainaren urruntze baten ostean, bigarren gola egin zuen Solabarrietak.
Handik aurrera, etxeko taldea zertxobait lasaiago ibili zen, eta aurkariek jokoa mendean hartu bazuten ere, Aurrerako atzeraliek ondo erantzun zuten.
Partida amaitzeko zazpi minuturen faltan, aurkariek partidako lehen tantoa lortu zuten. Bisitarien golaren ostean, Zaldupen urduritasuna nagusitzen hasi zen, baina Aurrerak ez zien beste gol aukerarik eman aurkariei, eta horrenbestez, hiru puntuak etxean geratu ziren.
Hirugarren mailari begira
29. jardunaldiko garaipena eskuratuta, Gallastegiren taldeak gero eta hurrerago dauka igoera. Datu guztien arabera, Ondarroako eta Aretxabaletako taldeen artean dago orain lehia. Biak ala biak, liga hasieratik goiko postuetan mantendu dira, eta azken jardunaldiko garaipenen ostean, ondarrutarrek 8 puntuko abantaila mantentzen dute.
Hurrengo jardunaldia Bergararen aurka jokatuko dute.