Zergatik atxilotu zuten?
Flossenburgeko konzentrazio esparrua zenera bidaiatuko da, berriro, Anton Gandarias gernikarra. Osabari buruz jakin nahiak eraman zuen hara 2007an. Orain, hura hil zutela 70 urte bete dira.
Alemaniatik bidali zidaten dokumentu batean jasota dago 1943ko udan atxilotu zutela, baina, zergatik?”Arrastoa galdu Gestapok atxilotu zuen Lekuona, Alemania naziaren polizia sekretu ofizialak. «Gestaporen dokumentuak kontsultatzea gustatuko litzaidake, ea osabaren arrastorik aurki dezakedan. Baina momentu honetan ez dakit nora jo». Osabari buruzko ikerketa lana osotzeko kapitulu hori falta duela dio Gandariasek. «Egia jakin nahi dut. Atxilotu eta hil egin zutela Urruñako Gregorio Urangak bidalitako gutun bati esker jakin zuten nire osabaren guraso eta neba-arrebek. Osabarekin Flossenburgen egon zen Uranga, eta harek kontatu zion nire familiari SS-ek fusilatu zutela».
parkatu bai, baina ahaztu sekula ere ez”Gutun horren arabera, 1945ko apirilaren 10ean hil zuten Lekuona, bide bazterrean, beste zenbait presorekin batera. «Ezin dugu gertatutakoa ahaztu» –dio Gandariasek–, «parkatu bai, baina ahaztu sekula ere ez». Osabarekin ez ezik, Alemaniako konzentrazio esparruetan izan zirenekin gertatu zena kontatu egin behar dela dio. «Terapia ona izan daiteke, berriro gertatu ez dadin». Zentzu horretan, Flossenburgen apirilaren 24ko asteburuan egingo duten ekitaldian izango da Gandarias. «70 urte beteko dira aliatuek 1945ko apirilaren 23an Flossenburgeko konzentrazio eremua askatu zutenetik, eta gertaera hura gogoan izango dute». Zauriak ixtearen beharra 2007an ere han izan zen Gandarias, erakusketa inauguratu zutenean. «Busturiko Udalaren ordezkari gisa joan nintzen, eta ni izan nintzen Espainiar Estatutik hara joan zen ordezkari bakarra». Alemanak han ziren, baita frantsesak ere, eta txekiakoak, errusiarrak eta estatubatuarrak… baina Espainiakorik ez. «Izan ere, nire ustez Espainiak oraindik ez du onartu nahi 36ko Gerran Espainian bertan gertatu zena». Historiako liburuetan Espainiari eta Euskal Herriari buruzko kapituluak falta direla dio Gandariasek. «Espainiako 36ko Gerrari buruz ezer ez dago idatzita, ez delako amaitu. Jesus Mari Irazuk bertso batean esan zuen: zauriak ez dira itxi eta gerra ez da bukatu. Eta arrazoia zuen. Gerra irabazi zutenek oraindik boterean darraite, eta gertatutakoa isilarazi nahi dute».
Espainiako 36ko Gerrari buruz ezer ez dago idatzita, ez delako amaitu”Horregatik, ikertu egin behar dela argi du Gandariasek, eta geratu zena kontatu, jakitera eman, «alemanek egin zuten modura. Gertatu zena onartu egin dute, ikertu egiten dute, eta erakutsi. Konzentrazio eremuetan ikerlari asko daude gaur egun oraindik, lanean». Erakusketa horretan leku bereizia du bere osabak. «Nazionalitate ezberdinetako presoak biltzen dituen gelan dago nire osabari buruzko panela, destakatuta. Espainiar gisa agertzen da, baina euskal herritar asko izan zituzten preso han. Espainian garai hartan gertatutakoa ere kontatzen du panelak. Niretzako, erakusketa horretan nire osaba gogoan izatea ohore bat da».