Lurraren Egunerako hainbat jarduera antolatu ditu Biodibertsitate Zentroak
Ingurumen-agentzia bat sortzea eskatzeko egin zuen Ameriketako Estatu Batuetako Gaylord Nelson ingurumenaren aktibista eta senatariak Lurra babesteko lehen agerraldia 1970eko apirilaren 22an, eta, geroztik, urtero-urtero Lurraren mundu mailako Eguna ospatu izan da egun horretan. Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroa-Madariaga Dorretxeko egutegian ere badu bere tokia egun horrek. Hala, data horri begira, hainbat ekintza antolatu ditu zentroak.
Lurraren natura-ingurumenaren aldeko kontzientzia sustatzea du helburu Lurraren mundu mailako Egunak; hala, berori zaintzeak duen garrantzia azpimarratzeko hainbat ekintza egingo dituzte asteburuan Madariaga Dorretxean. Eta horregaz batera, eguneroko bizitzan eman behar diren aldaketen berri ere emango dute, beste behin ere.
Lurraren Eguna datorren eguaztenean bada ere, asteburu honetan egingo dituzte egun horri lotutako jarduerak Busturian. Horietan parte hartzen dutenek zetazeoak ikuskatzeko, artisau garagardo ikastaroaz eta dastaketaz gozatzeko, lokatzezko eskulturak egiteko, Land Art basora irteera egiteko, eta tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute, besteak beste.
Horretarako, baina, beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea 94 687 04 02 telefonora deituta edota info@torremadariaga.org helbidera mezua bidalita.
EGITARAUA
Apirilak 18, bihar
10:00etatik 14:00etara. Irteera itsasontziz zetazeoak ikuskatzeko. Adina: 7 urtetik gorakoei zuzenduta. Prezio orokorra: 38 euro. Prezio murriztua (12 urtetik beherakoentzat): 25euro.
10:30etik 14:30era. Artisau garagardoa ekoizteko ikastaroa eta garagardo dastaketa Jon Etxeandiaren eskutik. Adina: 18 urtetik gorakoei zuzendua. Prezioa: 5 euro.
11:00etatik 14:00etara. Lokatzezko eskulturak. Lurraren maketa erraldoia sortzeko tailerra, Andoni Bastarrika eskultorearen eskutik. Adina: 8 urtetik goraikoei zuzenduta. Prezioa: 3 euro.
17:00etatik 18:00etara. Bisita gidatua zentroko erakusketetara, Lurraren gaur egungo egoera ezagutzeko. Adina: 16 urtetik gorakoei zuzenduta. Doan.
17:00etatik 18:30era. Elementu naturalak erabilita, pintzelak eta pigmentu naturalak lortzeko tailerra. Umeek bi yogurt pote ekarri beharko dituzte. Adina: 6 urtetik gorakoei zuzenduta. Prezioa: 2 euro.
17:30etik 19:30era. Land Art. Bisita gidatua Rober Garayk sortutako basora. Adina: 12 urtetik gorakoei zuzenduta. Prezioa: 6 euro.
apirilak 19, etzi
11:00etatik 14:00etara. Lokatzezko eskulturak. Lurraren maketa erraldoia sortzeko tailerra, Andoni Bastarrika eskultorearen eskutik. Adina: 8 urtetik goraikoentzat. Prezioa: 3 euro.
17:00etatik 18:00etara. Bisita gidatua zentroko erakusketetan zehar Lurraren gaur egungo egoera ezagutzeko. Adina: 6 eta 16 urtera arteko pertsonei zuzenduta. Doan.
17:00etatik 18:30era. Baldosak egingo dituzte familiei zuzendutako tailer batean, Busturiko zeramika egiteko erabilitako metodoa aplikatuta. Tailerra Enrique Arzubiaga eskultoreak eta Maite Solatxik emango dute. Adina: 10 urtetik gorakoei zuzenduta. Prezioa: 2 euro.