Ondarroan egon diren lapurretak gaitzetsi nahi izan dituzte herritarrek
Protestagaz eskudun erakundeei egoerari irtenbide bat emateko eskatu nahi izan dute. Urte hasi zenez geroztik, 40 lapurreta inguru egon dira OndarroanHerritarrek eskudun erakundeei azkenaldian Ondarroan egon diren lapurretei konponbide bat emateko eska...
Protestagaz eskudun erakundeei egoerari irtenbide bat emateko eskatu nahi izan dute. Urte hasi zenez geroztik, 40 lapurreta inguru egon dira Ondarroan
Herritarrek eskudun erakundeei azkenaldian Ondarroan egon diren lapurretei konponbide bat emateko eskatu zieten atzo eguerdian. Protestagaz egoerari lehenbailehen irtenbide bat emateko eskatu nahi izan zuten.Nahikure lapurretaik lelopean dozenaka herritar eta dendari batu ziren Alamedan egindako elkarretaratze isilean. Denek ere «segurtasunez bizi eta lan» egin nahi dutela aldarrikatu zuten.
Ezinegona nabaria da herritarren artean, eta segurtasun aldetik neurriak gehitzeko eskatu zuten. «Orain arte bizi izan garen modura, lasai bizi besterik ez dugu nahi egin», adierazi zuen herritar batek.
Herritarrak kexu dira, eta arduratuta daude. «Egoera ez baldin bada baretzen, horrelako martxan geure kontura hasi beharko dugu kaleak zaintzen», aitortu zuen beste herritar batek.
Kaltetu ugari
Lapurreten kaltetuak asko izan dira hilabete luze hauetan: dendariak, tabernariak, zerbitzu enpresak, elkarteak, partikularrak…
Kaltetu horietako azkenetako bat Jose Antonio Rodriguez Gaspar harategiko jabea izan da. Aste Santuko oporretan lapurrak bere saltokian sartzen ahalegindu ziren, eraikina berritzeko jarri duten aldamiotik. «Egoeragaz nazkatuta gaude. Urtea hasi zenez geroztik ia 40 lapurreta egon dira herrian. Egoerari irtenbide bat ematea eskatzen dugu, eta honegaz guztiagaz amaitzea. Lasai bizi nahi dugu, besterik ez».
Marian Vitoria, Vitoria optikako optikari eta jabea ere egoeragaz kezkatuta dago. «Ezintasuna sentitzen dugu honen guztiaren aurrean. Beldurrez gaude, eta gure aldetik ezin dugu ezer egin. Autoritateek ez baldin badituzte geldi arazten, lapurrek libre jarraituko dute».
Udala ere arduratuta
Carlos Idiakez herriko Idiakez liburudendako jabeak egoeraz nekatuta daudela dio; lapurrak bere lokalean sartzen ahalegindu ziren. «Tamalez, ez da azken asteetako gauza bat. 2014tik gai honegaz bueltaka gabiltza. Dendariak eta herritarrak, oro har, egoeragaz nekatuta gaude, izan ere, lapurreta kopurua handia da. Gure ezinegona besterik ez dugu adierazi nahi gaurko moduko ekimenagaz».
Argia Ituarte alkateari ere, egoera kezkagarria iruditzen zaio. Udala arazoari irtenbide bat emateko ahaleginetan dabilela dio, eta horren inguruan «ahal duten neurrian» lanean jarraitzen dute udaltzainek. «Gaiagaz arduratuta gaude. Ondarroako datuak beste herri batzuekin alderatuta ez dira handiagoak izango, baina, egia esan, azken boladan lapurreten kopurua Ondarroan asko gehitu da. Garrantzitsua da horren guztiaren kontzientzia hartu, eta horren aurrean zer egin dezakegun aztertzea».