Busturialdeko Industrialdea S.A.-k Gernikako Ibarra birgaitzeko ezer ez duela egingo jakin dute alkateek
2013ko azaroan Busturialdeko 10 alkatek Busturialdeko Industrialdea S.A.-ri egin zioten eskaerarekin bat egin zuen Busturialdean Lan eta Bizi plataformak. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Ibarra industrialdea Busturialdeko Industrialdea S.A.-ren jarduera eremuan sartzeko, eta epe laburrean poligono urbanizatu bat egiteko aktuazioak hasteko, bigarren sektorea biziberritu asmoz. Ibarrako 42 hektarearen Birgaitze plana garatzea onartu zuen Busturialdeko Industrialdeak, eta hamar hilabetetan amaituta behar zuen. Busturialdean Lan eta Bizi plataformaren arabera, eskualdeko gehiengo politiko eta sozialak egin zuen eskaera hori, orain urtebete eta erdi.
Busturialdeko Industrialdea S.A.-ri egindako eskaria aho batez onartu zuten arren, elkarte anonimoak alkateei oraintsu eman dien ezetza “harriduraz” hartu duela dio Lan eta Bizi plataformak. “Badakigu erantzuna eman dutenak elkarte anonimoaren partaide diren Eusko Jaurlaritzako SPRI enpresa publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak direla; beraz, EAJren ordezkariak”. Orain urtebete eta erdi eskaria aho batez onartu bazuten bideragarri ikusi zutelako zen, plataformaren iritziz: “eragingarriagoa da han inbertitzea, merkeagoa, errealagoa, eskualdeak behar duenari erantzuten diona, eta 1.800 lanpostu baino gehiago erakarri ditzake”. Beraz, elkarte anonimoaren ezetza jakin ostean, horren arduradunekin bilera bat eskatu du plataformak, “hamabost urte daramatzagulako eskaera hori egiten eta oraindik erantzun ofizialik guk ez dugu jaso”. Gainera, Birgaitze plan bereziaren erredakzioa Gernika-Lumok bere gain hartzeko ere eskatu du: “Aukera zuzena duelako, eta eskaria egin zuten 10 alkateen artean zegoelako Gernika-Lumokoa ere”. Hain zuzen, Gernika-Lumoko udalbatzari eta alkateari berari egin die plataformak eskaria: “denbora gehiago galdu barik, eskualdeko gehiengoan oinarrituta eta lehen urrats bezala, Ibarra industriagunea egokitzeko Birgaitze Plan Berezia erredaktatzeko kontraatuaren lehiaketa publikoa berehala dei dezala, 2006ko Lurzoru legeak agintzen duen bezala”.