Bermeoko allkatea Dispertsioaren liburuxkarekin
Sakabanaketarekin amaitzea helburu, herritarrek osatutako sarea indartu gura du Sare herri mugimenduak asteburuan. Hala, Euskal Herri osoan ekimenak antolatu dituzte. Busturialdean, esaterako, Gernika-Lumon eta Bermeon egingo dituzte zenbait jarduera.
Gernika-Lumon bihar jarri dute hitzordua. 19:00etan, Merkurio plazan, dispertsioaren amaiera aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute. Bermeon, berriz, domekan jarriko dute mahai informatiboa. Lamera parkean izango da 12:00etatik 14:00etara. Gura duten guztiek Sarekideak egiteko aukera izango dute mahaian. Dispertsioaren liburuxka elkarbanatuko dute eta kamisetak izango dituzte salgai.
Giza eskubideen defentsan jardun gura duen orori gonbidapena luzatzen dio Sarek. Sarea zabaltzeaz gain, Dispertsioaren liburuxka elkarbanatuko dute herriotan. Liburuxkaren xedea, errealitate hori ikuspuntu ezberdinetatik aztertu eta mundu guztiaren aurrean ezagutzera ematea da, politika horrekin behin betiko amaitu ahal izateko.
«Saretik bizikidetzari eskua luzatu nahi diote. Akordioari. Aurrera pausoak elkarrekin emateari gatazkaren konponbide justu bat aurkitzeko. Atea zarratu gura diete konfrontazio eta aurkaritzan temati jarraitzen duten horiei guztiei», adierazi dute herri mugimenduko kideek.