Hezur-muina emateko kanpaina abiarazi duten bermeotarrak eta Idurre BIdeguren alkatea
Bermeoko herritar talde batek abiaraziko du kanpaina eta Bermeotik hasiko badira ere, Busturialdea osora iritsi gura dute. Herritar talde honen helburu nagusia “bizitzak salbatzea” dela aipatu dute goizean emandako prentsaurrekoan. Gaixotasuna gainditu duen Ibai Gabantxo gazte bermeotarrak ez du gaurkoan ere huts egin, eta herritar guztiak hezur-muina ematera animatu ditu.
Epe luzerako kanpaina izango dela azaldu dute eta maiatzaren 2an, zapatuan, emango diote hasiera. Izan ere, egun horretan, Bermeon, triatloia egingo dute eta “herrian jende asko batuko dela aprobetxatuta” hasiko dute kanpaina. Egun horretan hezur-muinen emaile izateari buruzko informazioa ematen duen eskuorriak banatuko dituzte.
Aipatu kanpaina martxan jarri duen taldeak argi utzi gura izan du hezur-muina emateko “ez dela kirurgiarik behar, ez dela arriskutsua eta zelulak ordezkatu egiten direla lau aste inguruan”. Bestalde, gogorarazi dutenez, hezur-muinak ez dira bizkar-muinetik ateratzen: “odola ateratzea modukoa da, normala baino zertxobait luzeagoa”.
18 eta 55 urte bitartean dituzten pertsonak izan daitezke emaileak. Bermeon eratu den talde honek, gainera, gauzak erraztu gura dizkie emaile izan gura duten herritar guztiei. Hala, inprimaki batzuen bitartez, “gura duten pertsonek euren datuak eman ahalko dituzte eta taldeko kideak izango dira izapideak egiteaz arduratuko direnak”. Gainera, hezur-muina ematera eroateko konpromisoa ere hartzen dutela adierazi dute. Facebook sare zozialaren bitartez (bermeodonamedula) edota emailez, bermeodonamedula@gmail.com-era idatzita jar daiteke beraiekin harremanetan.
Bermeoko alkatea izapidea betetzen
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak bat egin du kanpainarekin eta gaurko prentsaurrekoan bete du taldeak errazten duen inprimakia. Alkatearen esanetan, “garrantzitsua” da mota horretako ekimen solidarioak babestea.
Kanpaina honen berri emateko, udal eraikin guztietan jarriko dituzte kartelak eta Bermibusak ere kanpainaren promozioa egingo du, informazioa ematen duen binilo bat jarri diote atzealdean. Zineman, berriz, bideo laburtsu bat ere jarriko dutela iragarri dute. Horretan, ume batek azaltzen du zelakoa den hezur-muina emateko prozesua. Honakoa da bideoa:
Jakinarazi dutenez, irailean, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien baitan, tonbola solidarioa ere antolatuko dute. Hortik lortzen duten dirua, Euskal Herritik kanpora tratamendua hartzen joan behar duten umeei bideratuta egongo da.
Taldeko kideek azaldutakoaren arabera, Espainian %0,3 bakarrik da emailea: “Urtean, Espainian, 5.000 lagunei diagnostikatzen diote leuzemia, 7.000ri linfoma eta beste milaka pertsonei odoleko beste gaixotasin batzuk. Horietako askok bizitzen jarraitzeko, hezur-muineko transplante bat behar dute eta hirutik batek ez du emailerik aurkitzen, erdiak umeak izanik”. Horregatik, hezur-muinaren emaile izatearen garrantzia nabarmendu dute.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.