Egoera ekonomikoa landuko dute gazteek eta LAB sindikatuak
Oraina direlako, etorkizuna beraien esku dagoela dio Ernai gazte erakundeak. “Alternatibak eraiki behar ditugu, egon badaudelako”. Busturialdearen egoera ekonomikoari buelta eman dakiokeela uste dute, eta hori guztion lanarekin lor daitekeela.
Euskal Herria “alarma egoeran” dagoela salatu dute Ernaik eta LAB sindikatuak, “historiako langabezia tasarik altuenetara iritsi gara”. Etxe askotan diru sarrerek behera egin dutela salatu dute, eta lanpostuak aldi baterakoak eta baldintza kaxkarrekoak direla. Egoera horretan, gainera, lurzorua espekulaziorako erabiltzea kritikatu dute, eta alokairu sozialak urriak direla, besteak beste. Euskal Herrian ematen den egoera horrekin alderatuta, Busturialdeak bizi duena are okerragoa dela salatu dute LAB sindikatuak eta Ernai gazte erakundeak: “Enkarterriekin batera, egoerarik okerrenetakoa bizi duen eskualdea da Busturialdea”.
Espekulazioa alde batera utzita, eskualdeko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko planak garatu beharko liratekeela diote. “Prekarietatea gainditu eta eskualdean bizi eta lan egiteko eskubidearen defentsan altxatuko gara. Horretarako, Ernai gazte erakundeak eta LAB sindikatuak, elkarlanean, pirila gorriz margotuko dugu”. Hitzaldi eta ekimen ezberdinak burutuko dituzte; lehena, zapatuan –apirilaren 18an–, 11:00etan, Busturiko Gaztetxean (Axpe) emango duten hitzaldia:
Etxea eta/ala bizitza.