Presoen senideak kapitalen zuritze kasu batengatik deklaratzera deitu dituzte
Datorren astean deklaratu beharko dute Bilbon Ondarroako presoen senideek. Zitazioak eskuan eman dizkiete guardia zibilek. Hurrengo orduetan gehiago jaso daitezkeela uste duteAzken egunotan Guardia Zibila dozenaka euskal preso politikoren senideei deit...
Datorren astean deklaratu beharko dute Bilbon Ondarroako presoen senideek. Zitazioak eskuan eman dizkiete guardia zibilek. Hurrengo orduetan gehiago jaso daitezkeela uste dute
Azken egunotan Guardia Zibila dozenaka euskal preso politikoren senideei deitzen hasi da. Atzo, esate baterako, Ondarroako presoen senideei lehen zitazioak banatzen hasi ziren, eta herenegun, Gipuzkoako hainbat senideri Guardia Zibilaren Intxaurrondoko egoitzara deklaratzera joateko agindua eman zien. Hurrengo orduetan gehiago banatuko dituztela uste dute.Ondarroako kasuan, esate baterako, atzo goizean, Ibon Iparragirre Burgoaren, Kemen Uranga Artolaren, Urtza Alkorta Arrizabalagaren eta Eneko Etxaburu Markuerkiagaren senitartekoei zitazioak eskura eman zizkieten guardia zibilek. Iparragirreren senideak astelehenean 09:45ean La Salveko Bizkaiko Guardia Zibilaren komandantziara deklaratzera deitu dituzte. Urangaren, Alkortaren eta Etxabururen senideek ere egun berean deklaratu beharko dute 10:30ean, 12:00etan eta 12:45- ean, hurrenez hurren.
Gipuzkoako familien kasuan, aldiz, hurrengo bi asteetarako jarri dizkiete guztiei hitzorduak. Guztiek ere lekuko gisa deklaratu beharko dute.
Lekuko legez
Berria-ren arabera, «kapitalen zuritze» delitu batekin lotutako auzi baten harira deklaratu behar dutela esan diete guardia zibilek senideei.
Abokatuen ustez, urtarrilaren 12an abokatuen aurka egindako Mate izeneko operazioagaz izan lezake lotura neurriak. Guardia Zibilak 16 pertsona atxilotu zituen: EPPK-ko presoen defentsa lanetan aritzen diren hamabi abokatu eta Herrira-gaz lotu zituen beste lau pertsona atxilotu zituen; guztiak kapitalak zuritzea egotzita inputatu zituzten. Itxuraz, auzi horretan presoen senideek azalpenak lekuko modura ematea nahi dute orain guardia zibilek.