Isilarazteko Legearen kontrako protesta, Ondarroan
Uztailaren 1ean sartuko da indarrean Espainiako Kongresuak onartu duen Herritarren Segurtasunerako Legea. Eskubideen murrizketak ekarriko ditu lege horrek, gazteek diotenez. Hala, barikuan mobilizatzeko deia egin dute. Manifestazio parte hartzailea egingo dute Bilbon, eta kalera ateratzeko deia egin diete bizkaitarrei. 18:30ean aterako da manifestazioa, Moyua plazatik.
‘Isilarazteko Legea’ edo ‘Mozal Legea’ legez ezagunagoa da, eta Bizkaiko gazte eragileek salatu dutenez, protesta ekimenak “modu eredugarrian” zigortuko ditu, “borroka sozialak errotik ezabatzeko helburuarekin”. Hain zuzen, gazteek ohartarazi dutenez, “oldarraldi neoliberalen aurreko erresistentzia eta sistemaren aurkako erantzun politiko oro ezabatzea du helburu”. Instituzio eta eragile ekonomikoek inposatutako neurrien kontrako protesta ekimenak debekatu gura ditu Espainiako Gobernuak lege berriarekin; “gure etsaiak are gehiago babestuko ditu lege honek”.
Isilarazteko Legea indarrean denean zigortuko dituzten zenbait ekintzaren adibidea ere eman dute gazteek: espazio publikoa mobilizatzeko erabiltzea isunekin zigortuko da, baita protesta egiteko eraikinetara igotzea ere; poliziak grabatzea delitu izango da, eta inork ezin izango die oihu egin; banketxeak edo bestelako eraikin batzuk okupatzea zigortuko dute, eta etxe kaleratzeak saihestea ere delitu izango da, besteak beste.