Artedramaren hamargarren urteurren borobila
Lehen emanalditik hasi eta azkeneraino, «oso harrera ona» izan du aurtengo Artedramak. Antolatzaile, parte hartzaile zein ikusleak «gustura» geratu dira beste behin. Aulestiarren «inplikazioa» nabarmendu dute antolatzaileek.Apirilaren 6an hasi et...
Lehen emanalditik hasi eta azkeneraino, «oso harrera ona» izan du aurtengo Artedramak. Antolatzaile, parte hartzaile zein ikusleak «gustura» geratu dira beste behin. Aulestiarren «inplikazioa» nabarmendu dute antolatzaileek.
Apirilaren 6an hasi eta zapatuan amaitu zituzten Artedrama topaketak Aulestin. Hamargarren urteurrena bete dute oraingoan, eta aste osoan «jendetza» batu da emanaldietan. «Jende asko ibili da topaketetan, eta hori guretzat izugarri ederra da», esan du Ander Lipus antolatzaileak. Azken egunean, esaterako, 300 bat lagun elkartu ziren herriko frontoian.Emanaldiek izandako harreragatik «pozik» daude antolatzaileak, eta, ikuskizunak jendearen gustuko izateak ere asko poztu ditu. «Gai oso ezberdinak lantzen ziren, eta uste dugu jendeak oso gustura hartu dituela, hasierako Maite Arreseren ipuin kontaketatik hasi eta bukaerako Arrastoak emanaldira arte», esan du Lipusek.
Izan ere, komedia ukituko gaiez gain, gai sakonagoak hizpide dituzten sormen lanak ere izan dira ikusgai. Lauka Teatroaren Amodioaren ziegan, esaterako, preso baten eta haren neskalagunaren arteko aurrez aurrekoan kokatu ziren ikusleak.
Halaber, Arrastoak antzezlanean, gerra garaiko kontuak izan zituzten hizpide: protagonista bere amonak bizi izandako hainbat bizipen argitzen saiatzen da.
Bestalde, Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren Kokakola eta barean barre algara ugari egin zituzten. «Kantuan ere aritu ziren, beste saltsa bat sortu zuten», dio Lipusek.
Antolatzaile zein ikusleak gaien aniztasuna eskertzen dutela azpimarratu du: «Euskal sorkuntzaren plazan badabil jendea oso gai desberdinak jorratzen, eta horrek azkenean panorama aberasten du, antzerkia bera aberastu egiten du».
Antzerki emanaldiez gain, urtero legez, tailerrak ere «arrakastatsuak» izan dira. 11 lagunek hartu dute parte, tartean herriko neska gazte batek. «Oso talde jatorra izan dugu, ikasleak oso pozik eta gustura egon dira».
Aurten, irakasle gehienak berriak izan dira, esaterako, Belen Cruz, Iosu Florentino, Miren Alcala eta dantza mundutik datorren Natxo Montero. Eta horiek ere modu «aktiboan» parte hartu dute ekitaldietan, gogotsu.
Aulestiarren laguntza
Era berean, urtero moduan herritarren «inplikazioa»nabarmendu eta eskertu dute antolatzaileek: «Guretzat hori izugarri garrantzitsua da».
Izan ere, ohiko laguntzaz gain, Gaztetxetik, adibidez, bariku eta zapaturako ekitaldiak antolatu zituzten. Barikuan txalapartariek, bertsolariek eta kantariek saioa egin zuten, eta zapatuan kontzertuak izan ziren. «Proiektuaren pisu handi bat udalak eta herriak hartzen du; bertako eragile eta taldeak inplikatuta ikustea oso positiboa da guretzat».