Apirilaren 30era arteko epea dute Mundakako jaietan txosna jartzeko eskabidea egin nahi dutenek
San Pedro jaien baitan, ekainaren 25etik uztailaren 6ra bitartean izango dute txosna jartzeko aukera interesa duten kultur, kirol eta gainerako taldeek. Horretarako, hala ere, eskabidea egin beharko dute udaletxean, apirilaren 30a baino lehen.
Jai Batzordeak esandako gunean kokatu beharko dituzte txosnok, eta hainbat izango dira bete beharko dituzten baldintzak. Jaiak amaitu ostean, esaterako, diru-sarreren eta gastuen balantzea aurkeztu beharko dute txosnak instalatzeko baimena duten talde eta ekarte guztiek, bi hilabeteko epean.
Mundakako Udalak jakinarazi duenez, txosnan ezin izango dute 18 urtetik beherakoek egon, ezta lanik egin ere. Txosnagune bakoitzean, gainera, megafonia bakarra jarri ahalko dute, txosnen artean arduraduna izendatuta. Azaroaren 11ko 15/1998 Legeari jarraiki, halaber, guztiz debekatuta izango dute txosna barrukoek adingabeei ahalkoldun edariak zein tabakoa saltzea.
Txonak, bestalde, Mundakako Udaleko alkatetzak zehaztutako ordutegian itxi beharko dituztela azaldu du udalak.
Horiek guztiak eta beste hainbat baldintza biltzen dituen agiria onartu beharko dute txosna ipini gura duten taldeek eskabidea egin ahal izateko. Horrez gain, frankiziarik gabeko erantzukizun zibileko poliza ere aurkeztu beharko dute eskabidea egiterakoan. Bukatzeko, agiri horiekin batera, 1.000 euroko bermea jarri beharko dute, egon litezkeen kalteak konponduko dituztela bermatzeko.