Parte hartze zabala izan du Mutrikuko komentuaren inguruko dinamikak
Mutrikuko Udala eta prozesua koordinatu duen Eusko Ikaskuntza elkartea pozik agertu dira herritarren parte hartzearekin. Lau taldetan banatuta, 50 pertsonak parte hartu dute dinamikanMutrikuarrak Santa Katalina komentuarekin zer egin erabakitzen aritu ...
Mutrikuko Udala eta prozesua koordinatu duen Eusko Ikaskuntza elkartea pozik agertu dira herritarren parte hartzearekin. Lau taldetan banatuta, 50 pertsonak parte hartu dute dinamikan
Mutrikuarrak Santa Katalina komentuarekin zer egin erabakitzen aritu dira azken bi asteotan egin den dinamika parte hartzailean. Udalak herri partaidetzan oinarritutako proiektua izatea nahi izan du, eta herritarrei eta hainbat eragileri Interpretazio Zentroaz gain eraikinari zer erabilera eman zitekeen planteatu diete.Mutrikuko Udala eta prozesu guztia aurrera eraman duen Eusko Ikaskuntza elkarteko kideak pozik agertu dira dinamikak izan duen parte hartzearekin.
Lau taldetan banatuta egin dira saioak, eta guztira, 50 pertsonak parte hartu dute. Palenzuela alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie. «Zuek egindako dinamika horretatik jaso diren ondorioak batu, eta kanpoko finantzaketa lortzeko horiek aurkeztea da gure asmoa».
Iritzi eta ideia asko
Dinamika bi zatitan banatuta egin dute: batetik, proiektuaren indarguneak, ahuleziak, aukerak eta mehatxuak aztertu dituzte, eta, bestetik, Interpretazio Zentroarekin espazioak konpartitu beharko lituzketen beste erabilerak identifikatu eta horiek lehentasunen arabera sailkatu dituzte.
Eusko Ikaskuntzakoek adierazi dutenez, herritarrekin eta eragileekin batera egin diren saioetan iritzi eta ideia asko jaso dira.
Taldeek igorritako ideiak multzokatu, horien araberako analisia egin eta lan lerro nagusi batzuk ondorioztatu dituzte. «Intepretazio Zentroa egin behar denarekin adostasuna egon da, baina, beti ere, herriko beste erabilerekin osatzea eskatu da».
Espazioari zer erabilera eman behar zaion hainbat ideia agertu badira ere, horien artean aterpetxearen proposamena nagusitu dela nabarmendu dute.
Hurrengo pausoak
Ateratako ondorioen berri emateaz gain, proiektuak aurrerantzean emango dituen pausoen berri ere eman dute koordinatzaileek.
Turismoa erakartze aldera, hamalau interpretazio panel jarriko dira herrian zehar. Denak gailu mugikorretarako QR kodeekin prestatuta egongo dira.
Panelez gain, hurrengo asteotan Europako diru laguntzetara jotzeko oinarrizkoa den Plan Zuzentzailea idazten hasiko dira. Plan horretan bi atal nagusi jorratuko dira. Alde batetik, eraikinean egin beharreko integrazio minimoak, eta, bestetik, erabilpen desberdinen arabera, fasekako plangintza eta kostuen analisia. «Guzti horrekin plan integral bat landuko da, eta Geoparkearekin batera, Europar Batasuneko diru laguntzetara bideratuko da».