Olaia Zabalondo (Bizkaiko HITZA):
‘Busturiko emakumeen historia’ liburua
Busturiko Udalak herriko emakumeen historia berreskuratu nahi izan du, horien eguneroko bizitzaren analisiaren bitartez. Hala, hainbat belaunalditako emakumeen istorioak bildu ostean,
Busturiko emakumeen historia liburua argitaratu berri dute. Emari berdintasunerako aholkularitzak egin du udalak agindutako lan hau.
Liburuan hainbat istorio biltzen dira; lehenengo pertsonan azaldutako kontuak ere irakur daitezke. 14 eta 85 urte bitartean dituzten emakumeek parte hartu dute lan honetan. Horietako batzuk busturiarrak dira, baina kanpotik Busturira iritsitakoak ere badaude, “Busturia beren herritzat hartzen dutenak”. Hain zuzen ere, Busturiko hirugarren adinekoen elkartearekin, Atxurkulu emakume taldearekin eta Gazte Asanbladarekin batera osatu dute lana.
Liburua bi zatitan banatuta dago. Lehenik eta behin, adinekoekin lan egin zutela azaldu du Jone Arrasate Busturiko Udaleko Emakume Arloko zinegotziak. Hirugarren adinekoen elkarteko kideak eta Atxurkulukoak izan ziren beren istorioak kontatzen lehenak. Horien datuekin CD bat egina zuten jada, baita herriari aurkeztua ere, lan hori 2014an egina baitzuten.
Gazteen beharra
Hala ere, horiengandik bildutako bizipenak herriko gazteekin erkatu nahi zituen udalak, “genero aldetik herrian gauzak nola aldatu diren ikusteko”. Gazteekin lan egitea, baina, “asko” kostatu zaiela adierazi du Arrasatek. “Oso lanpetuta dabiltza beti; eta, gainera, kostatu egiten zitzaien beren bizipenak liburu baterako kontatzea”. Hortaz, orain argitaratu berri duten lana urte bateko atzerapenarekin datorrela dio Busturiko zinegotziak: “Ezin genuen herriko emakumeen historiari buruzko liburu bat argitaratu, gazteen ikuspuntua bildu barik”.
Parte hartu duten emakumeen adierazpenak aurki daitezke liburuan, “bakoitzak hitz egiten duen modura idatzita daude, gainera”, dio Arrasatek. Hortaz, gazteleraz ere irakur daitezke zenbait adierazpen.
Busturiko emakumeen historia liburua, bestalde, herritarren hainbat argazki zaharrekin irudiztatuta dago.
Auzoetan banatuta
Proiektuan parte hartu duten emakume guztiek beren herriarenganako lotura berezia agertu dute. Auzo ezberdinetako emakumeek parte hartu dute, baita beste herrialde batzuetatik etorritakoek ere. Zenbaitek, berriz, egoera politikoak eta ekonomikoak bultzatuta, emigratu beharra eduki zuten. Ondoren, baina, bueltatu egin ziren.
“Familiak, lehen, gaur egungoak baino ugariagoak zirela kontatzen dute, eta emakumeek familien barnean zuten garrantzia nabarmentzen dute, kudeaketan, etxeko antolaketan zein seme-alaben inguruko erabakietan”. Busturiko emakumeen oroitzapenetan, etxeko erabakiak amek hartzen zituzten. Herriko gazteek ezagutzen dituzten familiak, ostera, kide gutxikoak dira. Senitartean bakoitzak bete behar duen rolaren eta eginkizunen gainean ere gauzak aldatu egin direla uste dute gazteek. “Euren arabera, herriko nagusienak ez bezala, ez dute etxean lanik egiten; euren eginkizun nagusia ikasketak dira”.
Busturiko emakumeen bizimoduak ezberdinak ziren oso; batzuk baserrietan bizi ziren, beste batzuk, berriz, herrian. Hala ere, guztien haurtzaroa egoera politikoak baldintzatuta egon zen. “Batzuek hurbiletik sufritu zuten errepresioa. Gerra ezagutu duten emakumeek, umeak baziren ere, ondo gogoratzen dute garai hura”.
Eskola garaiak ere aipatzen dituzte liburuan. Busturiko auzoen arteko distantziak eskola ugari egotea eskatzen zuen. Axpen eta Altamiran zeuden eskolak, baina baita auzoetan ere. Azken horiek Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen zituen. “Eskolako lanak hasi aurretik, otoitz egin, Espainiako bandera altxatu eta gerra irabazleen sasoiko kantuak abestera behartzen zituzten. Gehienek 14 urterekin uzten zuten eskola”. Elkarrizketatuen artean, hala ere, badaude ikasketak burutzeko herritik kanpo bidali zituztenak.
Lan mundua
Busturiko emakume gehienak hirugarren sektorean aritu izan dira lanean; kontuan hartzekoa da, hala ere, eskualdean ez zegoela fabrika askorik. Hala ere, baserrian lan egiten zutenak ere badira, eta egun guztiko lana zuten. Esaten dutenez, askok lana utzi beharra zuten etxeko beharrak asetzeko eta umeak zaintzeko. “Ezkondu eta berehala uzten zuten lanpostua gehienek. Soldata orduko hartan gizonezkoena baino baxuagoa zen. Ondoren, gauzak apurka aldatzen joan eta ondorengo belaunaldikoek ezagutu izan dute lan mundua. Horietako batzuek lan kontratuarekin lan egiten zutela diote; beste batzuek, ordea, ez dute lan kontraturik ezagutu. Salbuespenak salbuespen, gehienek kotizazio barik egin dute lan”.
Herriko gazteenek, berriz, ondo deritzote gizona etxean geratzeari, emakumeak etxetik kanpo lan egiteko. Beraien inguruan ikusitakoan oinarrituta, baina, “arraroa” egiten zaie. Gainera, esaten dute egun ere, lan merkatuan, lanpostu berdin batean emakumeen eta gizonen arteko aukerak ez direla parekideak.
Belaunaldi ezberdinen arteko alderik nabariena, Busturiko emakumeen artean, erlijioari edota elizari buruz ari direnean igartzen da. “Herriko emakume nagusienen bizitzan erlijioak garrantzi handia izan du, esan daiteke egunerokoaren esparru guztietan presente zegoela, gertakari, jai eta liturgia guztiek kutsu erlijiosoa zuten”. Elkarrizketatutako emakume gehienak, erlijiosoak badira ere, kontziente dira Elizak “emakumeei eginiko minaz”.
Gazteek, berriz, ez dute beren burua kristautzat jotzen. Gainera, erlijioaren presentzia lausotu dela uste dute. Hala ere, askok Elizarekin harremana izan dutela diote.
Aldaketa handia
Herrian bertan, bizitzeko modua “asko” aldatu dela ondorioztatu dute liburu honen bitartez. “Hala ere, gazteek lehenengo erantzunean baieztatu dute gaur egun badagoela berdintasuna, baina, gaian sakondu duten heinean, esan dute gaur egungo jendartean sexuen arteko parekidetasuna lantzeke dagoen kontu bat dela oraindik”. Bestalde, emakume busturiarrak herrian eta gizartean egindako ekarpena “ikaragarria” izan dela ondorioztatu dute liburu honen bitartez.
Liburua argitaratzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza izan du Busturiko Udalak. Herritarrek doan har dezakete Altamira auzoko kultur etxera edo udaletxera bertara jota. Bestalde, udalaren webgunetik ere (
www.busturia.org) PDF formatuan deskargatu ahal izateko aukera eskaintzen dute.