Barrenaren eta Bidetxearen bertsoak, onenak
Bermeoko XI. Bertsopaper lehiaketak badauzka irabazleak: lehenengo mailan (11 eta 14 urte bitartekoak) Maria Bidetxearen bertsoa izan da onena Lilibertso bertsolaritza taldeko kideen arabera, eta Lore Barrenarena, berriz, bigarren mailan (15 eta 18 urt...
Aurten, epaimahaikide izan diren Lilibertso taldekoek, bertso onenak aukeratzeaz gain, zenbait aipamen ere egin gura izan dituzte. Hala, bigarren mailan Marta Martinez eta Nagore Fernandezen bertsoek jaso dituzte aipamenak; eta lehenengoan, Oier Labinek, Danel Goikoetxeak, Almike Alonsok, Naroa Ontiberok eta Naroa Jime- nezek.
Parte hartze handiagoa
Guztira, 146 bertso aurkeztu dituzte bertso paper lehiaketara. 140 izan dira lehenengo mailan aurkeztutakoak, eta sei bakarrik bigarrenean. Hala ere, aurtengo parte hartzea iazkoa baino handiagoa izan dela nabarmendu dute, iaz 118 bertso aurkeztu zituztela gogorarazita.
Otzakiltzu ezizenagaz aurkeztu du Bidetxeak bertso irabazlea. Oporrak izeneko bertsoan Gabonetako, udako zein Aste Santuko oporrak kontatzen ditu. Epaimahaiaren arabera, «errima zehatza errespetatzen du, neurria ere egoki neurtuta».
Barrenak, berriz, Oroitzapenak ezizenez aurkeztu du bertsoa. Gelako argazki batez ari da bere bertsoan, baina azken bertsora arte ez du bere ideia agerian uzten. «Errima aldetik, lehen hiru bertsoetan oso ondo. Azken mailan, aldiz, maila apur bat jaisten du, baina errimatuta dago. Ondo neurtutako bertsoa egin du», diote Lilibertsokoek.