Triatloia duatloia baino arrakasta gehiago izaten ari da azkenaldian, eta horren ondorioak nabari dira; parte hartzeak behera egin du, esaterako, Gernika-Lumoko nazioarteko duatloian.
Domekan Zornotzan zuten ordua jarrita ateletek bertako duatloian parte hartzeko; hala ere, aurreko egunean Gernikan zuten zita. Ospe handia duen nazioarteko duatloia zegoen jokoan. Eta askok huts egin arren, beste askok ez zuten galdu nahi izan. Lehen 300 bat lagun biltzen zituen probak oraingoan 73 parte hartzaile izan ditu. Gutxi horiek, hala ere, mailari eutsi diote, eta kalitate ona dutela erakutsi dute.
Guztien artean, Emilio Martin espainiarra eta Ainhoa Murua zarauztarra izan ziren helmugara lehenak iristen, 02:00:16ko eta 02:26:36ko denbora ezarrita, hurrenez hurren.
Bertoko kirolariek ere maila ona erakutsi zuten. Gotzon Gondra foruarra izan zen horietan lehena, 02:12:11ko marka eginez, eta bere atzetik etorri ziren gainontzekoak ere. Minutu berean igaro ziren helmugatik, esaterako, Urdaitri Triatloi Taldeko Javier Goitia eta Asier Martija atletak. Hala, horien hiruren denborak batuta, taldeka nagusitzea lortu zuen Urdaitrik. Goitiak, gainera, 23 urtez azpikoen artean bigarren egitea lortu zuen.
Nesketan, gainera, Inma Ruiz gernikarrak (Bilbaotri) laugarren egin zuen, eta beteranoetan lehena izan zen. 02:48:02ko denbora behar izan zuen irteera puntutik atera eta helmugara iristeko.
Euskal Herriko duatloi zirkutuaren zazpigarren proba puntuagarria izan zen zapatukoa, eta parte hartzaileek hamar kilometro egin behar izan zituzten korrika, 40 bat bizikletaz eta azken bost kilometroak korrika.
Eguraldiak ez zuen lagundu zapatuan, eta hotzaren ondorioz, parte hartzaile batzuk bertan behera ere utzi behar izan zuten lasterketa. Erorketaren bat ere izan zela azaldu dute antolatzaileek, baina «ezer larririk ez». Hotzagaz, baina probagaz eta antolakuntzagaz «pozik» amaitu zuten kirolariek Gernika-Lumoko duatloia.
Antolatzaileen partetik, aurrerantzean ere, proba antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute; nahiz eta jakin, «lehen inskripzioak azkar betetzen zirela, eta, orain azkenengo astean ematen dutela izena».
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.