Modu «ikusgarrian eta erakargarrian» herriko irudi zehatza eskaintzen duen webgune berria martxan jarri du Mundakako Udalak: www.mundakaturismo.com. Batez ere, bisitariei zuzendatuko ataria dela azaldu dute udaletik. Helburua, horien esanetan, «Mundakako eskaintza turistiko zabala ezagutzera ematea, haren xarma erakutsi eta bisitariak erakartzea da».
Teknologia berriek gaur egun duten «garrantziaz» ohartarazita diseinatu du udalak webgunea: «Mundaka modu birtualean ezagutzeko aukera ematen du, eta bisitariak erakartzeko orduan eta herriak jomuga turistiko gisa duen irudia sortzeko eta indartzeko balio du».
Webgune berriak «egitura xumea» eta erabiltzaileentzako «erraza» aurkezten du. Irudi erakargarriekaz batera, erabiltzaileek herriko informazio osoa aurkitu ahalko dute horretan. Bisitariak Mundakan erraz ibiltzeko, gainera, webguneak mapa turistiko bat ere eskaintzen duela diote udaletik. Mapa horretan, herrian eskaintzen diren zerbitzuak edota bisita daitezkeen gune nabarmenenak kokatzen dira.
Hasierako orrian, hiru atal nagusi ditu webgune berriak: surfari zuzendutakoa da bat, surf munduari buruzko loturekaz, itsasaldien taulekaz…; agenda da beste bat, herriko jai nagusiekaz; eta hirugarren atalak, berriz, herriko ostatu aukera ezberdinen berri ematen du, bisitariek modu horretan, non jan eta non lo egiteko aukera duten jakin ahalko dute. Erabiltzaileek, hortaz, «begi kolpe» batean Mundakako eskaintza turistiko zabalaren berri eduki ahalko dutela diote udaletik.