Medikuaren kontsulta eta Gizarte Lokaleko leihoak aldatuko dituzte Nabarnizen
Nabarnizko Udalak medikuaren kontsultako eta Gizarte Lokaleko leihoak berriztu eta eraikineko solairu biak margoztuko dituela jakinarazi du. Astelehenean hasi zituzten horretarako lanak.
Udalaren arabera, «aspalditik zegoen horiek aldatzeko premia, haizea eta hotza sartzen zelako neguan». Hala, «isolamendu eskasa» zuten leiho horiek aldatzeak 36.423,75 euroko kostua izango duela azaldu du udalak. Hori egiteko, baina, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izango da; hain justu, 27.935,36 euro jasoko ditu Nabarnizek.
Diru hori goiko zein beheko solairuetan kristal bikoitzeko aluminiozko leihoak jartzeko erabiliko du udalak. Horrez gain, sarrerako zein balkoiko ateak ere aldatuko ditu, eta, bukatzeko, solairu biak margoztuko ditu.
Hala, lan horiekin, eraikin «txukunagoak» edukitzeaz aparte, erosotasunean ere irabazi egingo dutelakoan dago udala.
Astelehenean hasitako lanak hilebeteren bueltan amaitzea aurreikusten dute, «kontuan hartuta, bitartean, Aste Santuko oporrak ere badirela». Hala ere, lanok arinago bukatzekotan, herritarrei jakinaraziko zaiela argitu du udalak.
Obrek iraun bitartean, bestalde, medikuarengana joan behar duten herritarrek Ereñoko kontsultara joan beharko dutela gogorarazi du udalak.