Ikerketa hasi du Ertzaintzak. Argazkilaria: Irekia
Astelehen iluntzean 10 urteko ume bat bahitzen saiatu zirenik gezurtatu du Ertzaintzak. Segurtasun sailetik jakinarazi dutenez, adin txikiko ume baten aurkako “ustezko erasoa” da Ertzaintza ikertzen ari dena. Momentuz eskura dituzten datuengatik “eraso bat izan denik ere” ezin dutela baieztatu adierazi dute.
Martitzen goizean sare sozialetatik zabaldutako mezu batek alarma sortu zuen bai herrian zein inguruetan. Mezuak zabaltzen zuenez, astelehen iluntzean Sanjuanportale inguruan, Arresi kalean, furgoneta baltz batean zegoen bikote bat 10 urteko ume bati begira zen. Umea, gurasoen zain omen zegoen akademia batetik atera ostean. Zabaldutako informazioaren arabera, “40 urteko gizonezko bat furgonetatik atera eta umearen atzetik korrika hasi zen. Inguruan zegoen gizonezko bat agirika hasi zitzaiola eta, ustezko bahitzaileak korrika ihes egin zuen”. Ondoren, gizon eta emakume baten argazkia ere zabaldu zen, ustezko bahitzaileak zirelakoan. Ertzaintzak, baina, informazio hori gezurtatu egin du.