Mundakako alkate Aitor Egurrak herritarrak zoriondu gura ditu «ingurumenarekiko agertzen duten konpromisoagatik». Izan ere, iaz, birziklatze markak gainditu zituzten: paperaren, beiraren eta ontzien 188.040 kilo hondakin birziklatu zituzten eta erabilitako olioari dagokionez, 3.800 litrotik gora batu zituzten.
Mundakako Udalak hondakinen kudeaketa jasangarriaren alde egin duela dio alkateak, bilketarako zerbitzuak eta azpiegiturak hobetuta: «guk tresnak eta baliabideak herritarren esku jartzen ditugu, baita kontzientzia indartu ere. Hala ere, ondoren, herritarrak izan dira erantzukizunez erantzun eta egunerokoan praktikan jarri dutenak».
Herritarrek etxeetan erabilitako olioa batzeko duten joera «positiboa» nabarmendu dute udaletik: «olio litro batek 1000 litro ur kutsatzen dituela kontuan hartuta, Mundakak 3.871.000 litro ur ez kutsatzea lortu du».
Kudeaketa jasangarrian pauso bat gehiago emanez, pilak batzeko puntu berriak jarri ditu udalak. Herrian puntu bakar bat izatetik, orain, hiru dituzte: Errekan, Islakale kiroldegian eta Goiko kalean. 2014an, Mundakan, 230 kilo pila birziklatu zirela azaldu dute.
Iaz, bestalde, arropak eta etxetresna txikiak batzeko bi edukiontzi jarri zituzten, «hondakin mota ezberdinen birziklapena errazteko». Bañutegi kalean eta mediku kontsultaren aurreko biribilgunean aurki daitezke edukiontzi horiek. Urtean zehar 14.665 kilo batu dituzte horietatik.
Egunean, 1,19 kilo zabor
Mundakako Udaletik jakinarazi dutenez, hondakin arruntetan nabaritu duten murrizketa bat dator birziklatutako kantitatearen igoeragaz. 2014an, 848.919 kilo zabor batu zituzten. 2006. urtean, egunean, pertsona bakoitzak batezbesteko 1,51 kilo zabor sortzen zituen, 2014an, berriz, 1,19 kilo sortzea lortu da.
Datuok ingurumenerako «onak» izateaz gain, zabor gutxiago batzeak aurreztea ere badakarrela esan du Mundakako alkateak. «zaborra zabortegietan tratatzeko, udalak zabor tonako 69,92 euro ordaindu behar ditu. Aurrezte horrek zerbitzu eta azpiegituretan beste beharrizan batzuk bete ahal izatea ahalbidetzen du, herriko bizi kalitatea hobetuz», nabarmentzen du.