Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak Bermeoko liburu eta disko azokaren balorazio «positiboa» egin du. Aurreko urtearekin alderatuta, aurten, «zertxobait hobeago» joan dela azaldu du Muniategik. Salmentek gora egin dutela aipatu du, %10 hain zuzen ere.
Muniategik azaldutakoaren arabera, «oso ondo joan da aurtengo azoka. Pena bat izan da baina azken asteburua izan da txarrena, eguraldiak ez baitzuen lagundu eta eguraldiak eragin handia izaten du mota honetako azoketan. Lameran egoteak, gainera, lagundu egiten du, bertatik dabilen jendea hurbildu egiten baita». Hortaz, aurtengo azokako salmentekin «pozik» agertu da Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, eta baita ere, hurbildutako jende kopuruarekin.
Unai Elorriaga idazlearekin izandako solasaldia nabarmendu du Muniategik, idazlearen
Iazko hezurrak liburuaz mintzatu ziren horretan, eta hainbat izan ziren bertaratu ziren herritarrak.
Euskal literaturan, Unai Elorriagaren, Jon Arretxeren eta Kirmen Uriberen lanak izan dira gehien saldu direnak. Toti Martinez de Lezea idazlearen euskarazko zein gaztelerazko lanak ere asko saltzen direla azaldu du Muniategik. Gaztelerazko literaturan, berriz, Dolores Redondoren
La Trilogia del Baztan baitako liburuak «arrakastatsuak» izan direla esan du.
Urtero legez, haur eta gazteen literaturaren salmentak ere nabarmendu ditu Muniategik, «horiek dira arrakastatsuenak eta gehien saltzen direnak, bai musika arloan zein literaturan ere. Pailazoen ingurukoak izaten dira salduenak».
Gaiari dagokionez, bestalde, gastronomia azpimarratu du: «bertoko zein munduko gastronomia ezberdinen liburuak arrakastatsuak izaten dira». Historiakoak, euskal gaiari lotutako entseguak ere, «polito» saltzen direla dio Muniategik, eta Bermeon «itsasoari eta arrantzari lotutako liburuak ere» interesa sortzen dute. Urtero, «antzerako emaitzak izaten dira».