Hainbat txirrindulari hartuko ditu zapatuan Ereñoko III. Master Sariak
Gernikesa elkarteak eta Ereñoko Gerendape Kirol Klubak antolatutako XII. Ereñoko Udala Sari Nagusiaren ostean, Ereñoko III. Master Saria hartuko du zapatuan, 15:30etik aurrera. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, oraindik zabalik dago izena emateko epea, www.kirolprobak.com webgunean. Hala ere, egunean bertan ere izena eman ahalko dela azaldu dute. Gehienez ere, 200 txirrindularik parte hartu ahalko dute; gaur arratsalderako, esaterako, 79 lagunek zuten izena emana. Parte hartzen duten horiek dortsalak Ereñoko Arita Berri jatetxean jaso beharko dituzte.
Guztira, 86,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek, eta tarte horretan, Muruetaganetik, Gautegiz Arteagatik, Kanala auzotik, Laida eta Laga hondartzetatik, Ibarrangelutik, Kortezubitik, Belendiz auzotik, Nabarniztik, Gabika auzotik, Ispastertik eta Eatik igaro beharko dute, besteak beste, Ereñora iritsi arte.
Hala ere, Master 60 kategoriako parte hartzaileek 44. kilometroan izango dute helmuga eta Master 50koek, aldiz, 62,9. kilometroan.