Futbol Kalean-eko partiduak jokatuko dira Bermeon eta Gernikan
Abian da beste urte batez Athletic Fundazioak antolatutako Futbol Kalean ekimena; alegia, Bizkaiko hainbat herritako kaleetan futbolean jokatzeko eta kirol horretaz gozatzeko aukera ematen duen egitasmoa. Martxoaren 1ean jarri zuten martxan, eta Leioa, Derio, Mungia eta Sopelan egin ostean, Busturialdera iritsiko da asteburuan Futbol Kalean; hain zuzen, Bermeora eta Gernika-Lumora.
«Kalean jolasten zen futbolaren mamia berreskuratzeko asmoz» antolatu zuten lehenengoz Futbol Kalean, eta, oraindik ere, helburu berarekin jarraitzen dute.
Lagun artean, epailerik eta entrenatzailerik gabe futbolean aritzeko aukera izango dute bertan parte hartzen dutenek. Domekan egingo dituzte bertoko kanporaketak, 10:30etik 13:30era. Bermeon, Ibarra parkean bilduko dira parte hartu nahi duten kimu eta benjaminek, eta, Pasealekuan elkartuko dira, berriz, gernikarrak.
Lau jokalariz osatutako taldeak egingo dituzte domekako partiduetan, eta partida bakoitzak 10 eta 15 minutu artean iraungo du; betiere, parte hartzaileen kopuruaren arabera.
Ekainera bitartean, hainbat topaketa egongo dira Bizkaian, eta horiek bukatuta, finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte talde hoberenek ekainaren 7an eta 14an, hurrenez hurren. Finalerdiak Bizkaiko hondartza batean jokatuko dira –oraindik zehazteek dute nun izango den–, eta finala, berriz, Lezaman.
Aipatu txapelketan parte hartu nahi dutenek izena emateko hiru modu dituztela jakinarazi du Athletic Fundazioak; batetik, telefonoz egin ahalko dute (902 014 357 telefonoan); bestetik, www.futbolkalean.com webgunearen bitartez egiteko aukera dute, eta, azkenik, partidak jokatzen diren tokian bertan egin ahalko dute inskripzioa.