
Auzoetan bizi diren herritarrei herrira hurbiltzeko erraztasunak emateko, Bermeoko Udalak auzo-taxi zerbitzua abiaraziko du. Zerbitzu hori apirilaren 1etik aurrera erabili ahalko dute auzotarrek.
Agirre, Almika, Arane, Arronategi, Artika, Demiku, Gibelortzaga (San Pelaio), Kurtzio (Sarren), Mañu, San Andres eta San Migelen bizi diren herritarrek erabili ahalko dute auzo-taxi zerbitzua. Zerbitzu hau erabili ahalko dutela adierazi dute, «beste garraiobide bat erabiltzeko aukerarik ez dutenean». Bestalde, gauez ere erabili ahalko dutela azaldu dute «larrialdiko kasuetan», Bermeoko anbulatoriora joateko.
Bermeoko Udalak auzo-taxiarekin eskainiko den zerbitzuaren tarifaren %65a ordainduko duela jakinarazi du, gainontzeko %35a bezeroek ordaindu beharko dute. Hala, lau kilometro edo gutxiagora dauden auzoen kasuan, tarifak 7 euro balioko du; horietatik 4,55 euro udalak ordainduko du udalak eta 2,45 euro, berriz, bezeroak. Lau kilometro baino urrunago dauden auzoen kasuan, aldiz, 11 eurokoa izango da tarifa, udalak 7,15 euro ordainduko du eta bezeroak 3,85 euro. Garestiena, gaueko zerbitzua izango da, 20 euro izango baitira. Horietatik, 13 euro udalak ordainduko ditu. Erabiltzaileek zerbitzua erabiltzen dutenean, eurei dagokien %35a soilik ordaindu beharko dute.
Txartela Berh@zen
Auzotarrek, hala ere, txartel pertsonal bat eskatu beharko dute Berh@z bulegoan, zerbitzua erabiltzen dutenean taxilariari erakutsi beharko diotena. Txartel hori hilaren 23tik aurrera eskatu ahalko dute.
«Ahal denean, zerbitzu hori behar izango dutela aldez aurretik abisatzea eskatzen die erabiltzaileei, posible bada aurreko eguneko 19:00ak baino lehenago», diote. Zerbitzu horrek garraiobiderik ez duten auzoetako biztanleen «mugikortasuna asko hobetuko duela eta euren bizitza erraztuko duela» uste dute Bermeoko Udaletik.