Domekan egin zituzten Ibarruriko mendi martxa eta mendi lasterketa. Azken modalitate horretan Jose Gabriel Ruizek eta Laura Carrillok irabazi zuten; hortaz, Urdaibai Kopako sailkapenaren buru daude biak.
650 bat lagun bildu ziren atzo Muxikan, gehienak mendi martxarako, eta bi ibilbide izan zituzten aukeran, martxa luzea eta laburra. Lasterketan, bestalde, 130 bat parte hartzaile izan ziren.
Beraz, parte hartzeagaz, oso pozik dira Saltsamendi Kultur Elkartekoak. Oro har, domekakoa «itzela» izan zela esan dute; «eguraldi ona lagun, martxarako gogoa egon zen, eta jai giro oso polita sortu zen».
Urdaibai Kopako lehen proba puntuagarria izan da Muxikakoa. Denetara, sei proba izango ditu aurtengo kopak. Hurrengoak Ereñokoa (martxoak 29), Arratzu Gau Traila (apirilak 25), Gernika-Lumoko 3. Mendi Jaia (maiatzak 24), Ariatzatik Ariatzara (ekainak 13) eta Forutik Forura (irailak 27) izango dira. Sailkapen orokorrean proba guztiak izango dituzte kontuan, baina sailkapenean sartu ahal izateko ezinbestekoa da kopako sei lasterketatik lau egin eta amaitzea.