Gernikako Lekuek festibalaren bigarren edizioa hartuko du Gernika-Lumok, martxoaren 8tik 15era. Musikarekiko zaletasunak bultzatuta, iaz baino leku gehiago batu dira aurten musika jaialdira.
Eskaintza desberdina, gauza freskoak, musika taldeak ezagutzeko aukera… Ondo pasatzeko kartela dakar aurten Gernika-Lumoko Lekuek Festibalak. Iaz egin zuten lehenengoz, eta antolatzaileak gustura geratu ziren. «Bai taldeek zein jendeak oso ondo erantzun zuen, eta horrek lasaitasuna ere eman digu bigarren festibal hau antolatzerakoan». Lan horretan dabiltza herriko musikari eta musikazale asko; horien artean, Igor Erzilla. Bermeokoa izan arren, Lekuek festibalean buru-belarri ari da, baita, Ekaitz Goienetxea ere. Dioetez, berezia da Lekuek: «Festibal handiengandik urruti dagoen jaialdia da, baina merezi du ezagutzeak».
Aste osorako plan musikala dakar, martxoaren 8tik 15era; «eta iaz baino leku gehiago». Astra, Iparragirre musika elkartea, Trinkete Antxitxokoa, Lizeo Antzokia, eta, Arima, Aterpe, Atxur, Irrintzi, Lagun-Etxea, Ospa, Zaplast, Zeppelin, Basurde, Musutruk, Revolution eta Zarata tabernak eszenatoki bihurtuko dira igandetik igandera.
Nork bere ekarpena
Uda sasoian musika festibalak ugariak izaten dira, «baina negu partean ez da eskaintzarik izaten». Hutsune hori betetzeko helburua ere badu Lekuek Festibalak; «Genika-Lumon, negu partean, aste guztiko plan musikala finkatzearena, alegia».
Lekuek Euskal Herrian ezaguna izatea gustatuko litzaieke, baina jaialdi masiboa bilakatzerik ez dute nahi. «Publizitatez beteriko jaialdi handiengandik urruti gaude, eta erakutsi nahi dugu sponsorrik gabe ere kalitatezko festibal bat antolatzerik badagoela». Hala ere, dirua, aurrekontu bat izatea derrigorrezkoa dela onartu dute antolatzaileek, eta horretara egokitzen asmatu behar dutela. Mugak muga, hala ere, leku bakoitzak bere ekarpena egiten dio egitarauari.
«Etxe bakoitzak bere nortasunaren arabera prestatzen du aste horretarako eskaintza». Gero, festibalaren datak hurbiltzen doazen heinean, batzarrak egiten dituzte astero, egitaraua zehazten joateko.
Zuzenekoak baino gehiago
30 musika emanaldi baino gehiago, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, zinema, kafea eta galletak… Besteak beste, Albert Pla, Bide Ertzean, Paus, Zea Mays, Bullet Proof Lovers, Hesian, Ray Fernandez, The Riff Truckers, Potato edota Ainara LeGardon izango dira Gernika-Lumon. Zuzenekoak ez ezik, bestelako jarduerak ere nabarmendu dituzte antolatzaileek; batzuk aipatzekotan, Ainara LeGardonek emango duen autoekoizpen ikastaroa, Jose Alberto Batiz musikari gernikarrak eskainiko duen solasaldia, edota bideoklipak egiteko ikastaroa.
Kalea ere bada Leku
Gustu eta adin guztientzako eskaintza zabala dakarte aurten ere. Eta, leku gehiago biltzeaz gain, kalea ere hartu nahi dute bigarren edizio honetan. «Larunbata –martxoaen 14an– festibala kalera ateratzeko eguna izango da: kontzertuak, kalejirak, dantzak…». Juan Calzada eta Picasso kaleak eta San Juan Ibarra plaza festibalaren leku bilakatuko dira. 2015eko edizio honek, gainera, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren antolatzaileen presentzia ere izango du. «Haiekin solasean aritzeko parada izango dugu, eta aurten, Ipar Euskal Herrian egiten duten jaialdi horretan izango diren bi taldek ere joko dute».
Zenbait kontzertu eta ekitalditarako sarrera ordaindu beharko da, eta beste asko doanekoak izango dira. Hala ere, festibalerako antolatu dituzten ekimen denetarako sarrera-bonoa ere ipini dute salgai, 20 euroan. «Hala ere, Lekuek duen arazoetako bat aforoa da. Iaz, zenbait kontzertu entzun ezinik geratu zen jendea, aretoa beteta zegoelako. Hala ere, ulertu eta ondo hartu zuten».
Eta iazko bultzada ikusita, aurten ere kanpotik jendea etorriko dela uste dute. «Ezagun dute Lekuek, eta Gernika bezalako herri batean astebeteko halako jaialdi bat izatea itzelezkoa da». Festibalaren egitaraua: www.gernikakolekuek.com/egitaraua2015.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.