23 urtez azpiko txirrindulariek beraien onena emateko aukera izan zuten domekan, Gernikesa elkarteak eta Ereñoko Gerendape Kirol Klubak antolatutako XII. Ereñoko Udala Sari Nagusian. Lehendakari Txapelketako egutegiari hasiera eman zioten proba horretan, Baque Campos taldeko Julen Amezketa nagusitu zen, 2 ordu, 47 minutu eta 52 segunduko denbora eginez.
30 segundoko aldeagaz ailegatu zen helmugara Jonathan Lastra, eta bere segidan eta minutu berean heldu ziren hurrengo hamabi txirrindulariak ere. Hirugarren, laugarren eta bosgarren egin zuten kirolariak, esaterako, denbora bera egin zuten: 02:48:25.
Besteak beste, Ibarrangeluko Laida eta Laga hondartzetatik, Arboliztik, Eatik, Ispastetik, Lekeitiotik, Gautegiz Arteagatik eta Nabarniztik igarota, 105 bat kilometroko ibilbidea egin zuten parte hartzaileek, Ereñora iritsi arte.
Lehendakari Txapelketako lehenengo proba puntuagarria izan zen Ereñokoa, eta hurrengoa Lizartzan egingo dute. Hala, Euskal Herriko beste hainbat herritatik igaro ostean, Busturialdera itzuliko da berriz Lehendakari txapelketa; hain zuzen, Muxikara, Gernika-Lumora eta Bermeora. Markina-Xemeinen ere gozatuko dute proba horregaz.
Hile honetan, gainera, Ereñok beste kirol proba bat hartuko du; III. Master Saria, hain zuzen ere. Antolatzaileek gogorarazi dute zabalik dagoela izena emateko epea, www.kirolprobak.com webgunean. Gehienez ere, 200 txirrindularik parte hartu ahalko dute martxoaren 14an ospatuko duten proba horretan, eta aurretik kupo hori bete ezean, probaren egunean bertan ere eman ahalko da izena, Arita Berri jatetxean.
Proba hori zertxobait laburragoa izango dela jakitera eman dute antolatzaileek; alegia, 86,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek.
Sailkapena
Lehenengo hamarrak
1. sailkatua. Julen Amezketa (Baque Campos Team).
02: 47:52ko denbora.
2. sailkatua. Jonathan Lastra (Caja Rural-Seguros RGA). 02:48:22ko denbora.
3. sailkatua. Iker Azkarate. (Caja Rural-Seguros RGA). 02:48:25eko denbora.
4. sailkatua. Jon Irisarri
(Fundacion Euskadi-EDP). 02:48:25eko denbora.
5. sailkatua. Alex Aranburu
(Baque Campos Team). 02:48:25eko denbora.
6. sailkatua. Sergio Samitier
(Lizarte). 02:48:29ko denbora.
7. sailkatua. Gotzon Martin (Fundacion Euskadi-EDP). 02:48:31ko denbora.
8. sailkatua. Mikel Ezkieta
(Lizarte). 02:48:34ko denbora.
9. sailkatua. Iker Eskibel
(Infisport). 02:48:37ko denbora.
10. sailkatua. Aleksey Ryabkin (Infisport). 02:48:37ko denbora