Ohiturari jarraituz, ekitaldiaren ziurtagiria kutxa batean lurperatu dute, atzoko egunkari batekin, indarrean dauden txanponekin eta ikurriña batekin
“Milurteko berriarekin batera ernatu da haritz berria”. Berba horiek esan zituen Xabier Euskitze kazetariak, Gernika-Lumon atzo egin zuten ekitaldian. Urtarrilean ihartu zen haritzaren eta XIX mendean landatu zuten lehen haritz haren ondorengoa da gaur Batzar Etxean dagoena. 15 urte ditu, eta Arratian hazi dute. “Gernikako haritz berri hau Batzar Etxean 2005eko otsailaren 25ean landatu zutenaren ordezkoa da; eta aurreko hori ere, mendeetan egon zirenen oinordekoa zen”, zioen Batzar Nagusiek atzo sinatu zuten idazkiak. Eta, zuhaitz gazte hori ere, euskal herritarren eskubideen eta askatasunen ikur adierazgarri izango da.
Hala kantatu zuen atzo ere Euzkitze bertsolariak: “Entzun ezazu adi euskaldunon hitza, askeago izateko lanean gabiltza”, esanez amaitu zuen-eta lehen bertsoa. Hala, zuhaitz berriak sustraiak tinko eta adarrak munduan behar dituela ere aipatu zuen, bigarren bertsoan.
Iñigo Urkullu lehendakariagaz batera, arbola berriaren inguruan izan ziren Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Madariaga, Bizkaiko Ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria eta Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño. Beraiek izan ziren lehenak pala hartu eta zuhaitz berriaren sustraien gainera lurra botatzen. Ostean, ekitaldian zeuden batzarkide, legebiltzarkide, politikari eta herritarrek ere horretarako aukera eduki zuten.
Memoria aldarrikatu
EH Bilduren iritziz, baina, bizkaitarren eta euskal herritarren askatasun eta eskubideak ez ziren behar bezala islatuta geratu atzoko ekitaldian. “Izaera instituzional hutsa eman diote, herritarrak kontuan hartu barik”.
Zentzu horretan, Euskal Herriaren askatasun eta eskubideen alde bizitza eman zutenen memoria aldarrikatu nahi izan zuen koalizioak atzo. Horretarako, frankismoaren biktima izandako herritarrak gonbidatu zituen ekitaldira; hala nola, Candido Arregiren alaba Argiñe Arregi eta Busturian 1937an fusilatu zuten Doroteo Calzadaren seme Julen Calzada. Hain zuzen, frankismoaren krimenen kontrako kereilari babesa eman zioten atzo Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJren, PSEren eta EH Bilduren aldeko botoekin.
Gaudeamus abesbatza aritu da musika jartzen ekitaldian, eta Bilboko Basurtu auzoko Beti Jai Alaiko dantzariek aurreskua dantzatu dute. Euskitzek, bere aldetik, bertsotan egin du.
Hainbat lagun bildu dira Batzar Etxeko ekitaldian
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.