Berton elkarteko eta udaleko ordezkariak kanpainaren aurkezpenean
Berton Bermeoko txiki-erdi enpresen elkarteak gaur abiaraziko du
Berton Fest kanpaina, eta apirilaren 12ra bitartean martxan izango da. Kanpaina horren helburua herriko merkataritza bultzatzea dela azaldu dute.
Kanpaina horren bitartez, herritarrek hainbat deskontu lortu ahalko dituzte eta zozketetan ere parte hartuko dute. Deskontuak eskaintzen dituzten denden gida bat kaleratu du Bertonek. Gida hori, kanpainan parte hartzen duten dendetan, Berh@zen, Gizarte eta Kultura Etxean edota liburutegian aurki daiteke.
Bestalde, herritarrek porra batean parte hartzeko aukera ere izango dute. Bertonen bazkide diren dendek elkartearen logoa jarriko dute erakusleihoan, eta herritarrek asmatu egin beharko dute zenbat diren logoak dituzten dendak. Denda horietan izango diren itsulapikoetan bota beharko dute uste duten denden kopurua. Parte hartzaileen artean, zenbakira gehien hurbiltzen direnen artean, hain zuzen, hainbat sari zozkatuko dituzte.
Herriko denden «garrantzia» nabarmendu du Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak, «herria bizirik izaten laguntzen dute. Denda txiki gabeko herriek, bizitasuna galtzen dute». Hala, «eskaintza zabala dagoela eta», herritarrak kanpaina honetan parte hartzera animatzen ditu.