Larrazabale kanpoaldetik kusita
Goiherriko antzinako Larrazabale eskola etxebizitza bat izatetik, natura, artea eta gastronomia uztartzen dituen gune izatera pasatu da. Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriak azaldu legez, «saiakerak egiten gaude, ea nolako bilakaera duen». Bai herritarrei zein bisitariei zuzendutako esperientzia «bereziak» antolatu gura dituzte, «gure paraje ederraz gozatzeko aukera izan dezaten».
Antzinako Larrazabaleko eskola alokairu sozialerako etxebizitza izatea aurreikusten zen. Izan ere, alkateak jakinarazi duenez, «urte batez herritar bat izan da hor bizitzen. Hala ere, baldintzak ez dira onak, besteren artean, herrigunetik urrun dago». Hutsik geratu zenean, ondoko baserri batean bizi den Kike Arzubiaga Busturiko bizilagunak, bere lanen erakusketa bat jartzeko baimena eskatu zuen; eskultorea da Arzubiaga. Gainera, alkateak gogorarazi duenez, gune horretatik ardoaren eta arrainaren ibilbidea igarotzen da, eta jende askok erabiltzen du Bermeora joateko ere.
Arzubiagak bere erakusketekin «etxearen mantenua» ere ahalbidetzen duela dio Malaxetxeberriak: «hala, Larrazabaleko antzinako eskola etxe modura erabiltzeko aukera zelan garatzen den ikusi arte, espazio horreri beste erabilera bat ematea interesgarria zela ikusi genuen».
Bestalde, inguruan nekazari gazteak daude, «horiek sistema ekologikoaren bitartez, lurra lantzen dute». Larrazabaletik hurbil daudenez, euren produktuak eta horiekin egin ahal den sukaldaritza erakusteko prest agertu dira gazteak. Orduan, hortik abiatuta, udaberriko ekintzen programan, dagoeneko Larrazabalen egingo diren bi esperientzia sartu dituztela aipatu du alkateak; lehenengoa apirilaren 11n izango da, bigarrena, berriz, ekainean.
Malaxetxebarriak azaldu legez, «Larrazabalera joatea mendizaleen esperientzia da. Etxea zenez, eta sukaldea dagoenez, esperientzia gastronomikoak egitea ere posible zela ikusi genuen, eta baita ere, esperientzia artistikoaz gozatzea. Hala, hiru esparruak batu gura ditugu Larrazabaleko gune horretan: natura, artea eta gastronomia».
Momentuz, «bibrazio onak» dituztela dio alkateak: «udalaren, Arzubiaga eskultorearen eta nekazarien arteko kolaborazio ona dago».
Istorioak kontatzen ditu figurekin
Larrazabale bisitatzen duenak Kike Arzubiagaren eskulturekin eta Iñaki Pamaren margolanekin gozatu ahalko du. Goiherriko emakumeei omenaldia egin gura izan die Arzubiagak Larrazabalen jarri duen erakusketarekin. Gune horrek sortzeko aukera «handiak» eskaini dizkio Arzubiagari. Etxean zituen piezak testuinguru desberdinetan kokatu ditu erakusketan: «banan banan ez zuten ezer esaten, baina testuinguru batean jarrita, berriz, istorioa desberdinak kontatzen dituzte».
Bere eskulturekin batera, urteetan aurkitutako gauzak ikus daitezke; esaterako, orain dela 34 urte alokairuan hartutako baserrian aurkitutako 1936ko zorro bat. Horrekin lotuta, erakusketaren zati batean, seme-alabekin ihesean doazen amak irudikatu ditu istorioetako batean.
Beste istorio batean, uzta batu osteko emakumeen festa giroa irudikatu gura izan du, «euren poza azaldu gura nuen». Istorioak girotzeko eta kokatzeko, antzinako tresnak eta elementuak erabiltzen ditu, guztiak, inguruko baserrietan aurkitutako gauzak direla dio Arzubiagak. Beste talde batean, berriz, antzinako sinismenak nahasten ditu: «emakume talde bat agertzen da gaubeila batean, beste batzuk, berriz, zurrumurruka dabiltza». Besteren artean, Lamia bat ere ikus daiteke.
«Joko» bat bezala hartzen duela dio, «gauzak aldatzen ditut, batzuk kendu, beste batzuk jarri…». Beti sortzen dabil Arzubiaga, eta Larrazabalek asko lagundu dio horretan: «leku hau eskura izanda, zentzu batekin lan egiten dut».
Kanpoan ere artea
Artea, baina, ez da Larrazabale barruan soilik aurkitzen. Kanpoaldea ere aprobetxatzen du Arzubiagak bere imajinazioa lantzeko. Aratusteak izan direla eta, kartoiz egindako erraldoiak eta galtzagorriak aurki daitezke antzinako eskolako sarreran. Udara begira, berriz, San Juan suekin zerikusia duen beste zerbaitekin atonduko du Larrazabale. «Urtean zehar, lau aldiz aldatzea gustatuko litzaidake», dio.
Bertatik igarotzen diren mendizaleen arreta pizteko balio duela uste du, «barrura sartzeko gonbidapena izan daiteke».
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
Larrazabale kanpoaldetik kusita