Asanblea irekia deitu dute eguaztenerako, eta herritarren parte hartzea eskatu dute
Ohedun ospitala eskatu dute gizarte eragileek eta politikoek
Ohedun ospitalearen aldeko taldeak Gernika-Lumoko Ospitalearen zerbitzuak dituen gabeziak identifikatu gura ditu; horretarako, herritarren esperientziak, bizipenak eta kezkak jaso gura ditu. Asanblea irekia egingo dute eguaztenean, Elai-Alai aretoan, eta parte hartzeko deia egin dute. Taldeko kideen esanetan, “lehen eskutik jakin gura dugu Busturialdeko biztanleek izan dituzten arazoak”. Dena den, dagoeneko taldeak izan baditu ospitale horrek eskaintzen duen zerbitzuari buruzko zenbait kexa. “Esate baterako, larrialdi zerbitzuetan ez dago 24 orduko garbitzaile zerbitzurik. Beraz, gauean sor daitezkeenak garbitzeko pertsonalik ez dago, hurrengo goizera arte”.
Era berean, kirurjia eta ebakuntzen osteko gelako osasun langileak 15:00etan amaitzen dute beraien txanda, “eta, ebakuntza egin berri dioten norbaitek arazorik badu, edo 15.00etarako altarik jaso ez badu, han uzten dute, osasun langilerik barik”, kritikatu dute.
Analisiena izan da ohedun ospitalaren aldeko taldeak behin eta berriro salatu duen beste kontu bat: “Analisiak egiteko makina badago, baina gauetan ez da laborategiko teknorik lanean. Hori dela eta, larrialdi zerbitzuetako medikuek analitikaren bat behar dutenean Galdakaora bidaltzen dute, taxista batekin”.
Diotenez, dirua xahutu dute eraikin bat egiteko, “eta zerbitzuak martxan jartzerako orduan ez dute langileengan inbertitu”. Pediatren falta da herritarren kexa nagusienetako bat. “Azken urtean 3.000 ume baino gehiago artatu dituzte larrialdietan, eta pediatrarik ez dago”. Ustez, Gurutzetaraino joan behar izatea saihestu behar zuen Gernika-Lumoko ospitaleak, baina pediatria larrialdiak artatzeko mediku kualifikaturik ez dagoela kritikatu dute.
Eusko Alderdi Jeltzaleak osasun arloan hartu berri dituen erabakiak ere salatu ditu Ohedun ospitalaren aldeko taldeak: “Medikuak eta langileak kontratatzeko dirurik ez dagoela dio Osakidetzak, baina Urdulizen 200 ohe baino gehiago izango dituen ospitalea eraikiko dute, eta haiek Gurutzeta hurbilago dute. Eibarren, PSErekin akordioa egin du EAJk, eta ohedun ospitala egingo dute, Mendaro gertu duten arren”. Gaixo kronikoak ugaritu egin direla, eta ospitalizazioa behar dutela da eman duten arrazoia. “Baina arazo bera daukagu Busturialdeko eta Lea-Artibaiko biztanleek, eta Galdakao edo Gurutzeta urrun daukagu”.