‘Skeleton Sea. Mantendu ozeanoak garbi’ aldi baterako erakusketa berria ikusgai dago Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan. Erakusketari lotutako tailer bat ere antolatuko dute.
Plastikoak, metalak, egurrak, freskagarri latak, arrain ezberdinen hezurrak, neopreno zatiak, itsasontziek galdutako buiak…Ozeanoetan aurkitutako zabor mota horiek guztiak erabilita sortu dute
Skeleton Sea. Mantendu Ozeanoak Garbi erakusketa.
Luis de Dios, Xandi Kreuzeder eta Joao Parrinharen surflariek sortutako proiektua da, hain zuzen, Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan ikusgai jarri dutena. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzarako zuzendari Amaia Barredok azaldu legez, «hiru surflari horiek, orain dela urte asko, esfortzuak bateratu zituzten eta ozeanoak garbi mantentzearen aldeko sentsibilizazio lana bultzatzen hasi ziren».
Hiru surflari horiek tamaina handiko figurak egiten dituzte, munduko kostaldeetan aurkitzen dituzten objektuekin. Hala,
Skeleten Sea proiektuko artistek bigarren bizitza ematen die material horiei. Euren lanaren bitartez, baina, mezu «argi» bat helarazi gura dute: «gizakia dela gure ozeanoek jasaten duten mehatxurik handiena».
Kolektibo horrek bere lanak Madariaga Dorretxean jartzen dituen bigarren aldia da. 2011. urtean jarri zuten lehenengoz. Orduko hartan, bisitari ugari erakarri zituen, eta parte hartze handia izateaz gain, kritika «onak» ere jaso zituen.
Aldi baterako erakusketa honetan ikus daitezkeen artelanak, baina, berriak dira. Lehenengo edizioa amaitu ondoren egindako piezak direla azaldu dute.
Skeleton Sea proiektuko artistek, gainera, erakusketarekin lotutako tailer bat ere antolatuko dute. Horretan, zaborra erabilita artea zelan sortzen den erakutsiko dute. Hala ere, eguna oraindik zehaztu barik daukate.
Doan bisita daiteke erakusketa, eta maiatzaren 17ra arte izango da ikusgai.