Txakurrarekin bat eginda egon behar du musher-ak, Iskander Kobeagaren (Ereño, 1992) arabera; berak, bizikletaren gainean Espainiako Kopa irabazita, posible dela erakutsi du.
Joan den asteburuan eduki zenuen Espainiako Kopako azken lasterketa. Nola joan zen?
Oso ondo. Lasterketa irabaztea lortu nuen. Espainiako Kopan, gainera, lehenengo egin dut elite mailan eta maila absolutuan. Horren aurrean, ilusio handiagaz sentitzen naiz, erabat pozik.
Lehenengo urtea al da mushing-ean lehiatzen zarena?
Bigarren urtea izan da aurtengoa. Iaz lasterketa bat edo beste egin nuen, baina aurten kopa osoko lasterketetan lehiatu naiz, eta ondo atera zait.
Zerk edo nork lagundu dizu garaipen horretan?
Lagunen eta ingurukoen babesa izan dut lasterketetan, eta horrek lagundu egiten du. Lasterketetarako, gainera, baikorra izan naiz, eta ondo zein txarto bukatuta ere, hurrengo lasterketara begira egon naiz.
Zurea ala txakurrarena da meritua?
Hein handi batean txakurrarena ere bada meritua. Ehunekoetan esateko, merituaren %50 txakurrarena da, eta gainontzekoa neurea. Lasterketa batzuetan, gainera, txakurrarena izaten da gehiena.
Noiz eta nola sartu zinen mushing-aren munduan?
Lehen motoziklismoan lehiatzen nintzen, eta hori egiteari utzi nion. Orduan, geldi ez egotearren, zerbait egin beharra neukala pentsatu nuen. Belendizko (Arratzu) Iskander Rodriguezek mushing-a praktikatzen zuela banekien, eta mundu horretan sartzeko tentazioa eduki nuen. Mushing-aren nondik norakoak irakatsi zizkidan Iskanderrek. Giro hori gustatzen hasi zitzaidan, eta mundu horretan sartu nintzen duela urte eta erdi inguru.
Zerk egiten du mushing-a hain berezi?
Musher-ak txakurrekin duen harremanak eta txakurrak berak adierazten duen guztiak egiten du berezi. Lasterketetan sortzen den giroa ere asko gustatzen zait.
Musher-aren eta txakurren arteko harremana, beraz, garrantzitsua da.
Txakurrarekin bat eginda egon behar du musher-ak. Denbora asko igaro behar izaten da txakurragaz, zugan konfidantza eduki dezan.
Eta mushing-aren munduak ba al du alde txarrik?
Lehia guztietan gertatzen den bezala, aurkarien arteko haserreak dira honen alde txarra ere.
Musher on batek zer behar du?
Galdera horri erantzutea zaila da oraindik niretzat, denbora gutxi baitaramat mundu honetan. Baina musher on bat izateko funtsezkoa da ahalik eta denbora gehiena txakurragaz pasatzea.
Egoera fisiko onean egon beharko du musher-ak, ezta?
Bai, hala da. Azken lasterketa horretan, adibidez, motel sentitu nuen gorputza. Oraindik ere, asko entrenatu behar dut.
Noiz eta non entrenatzen duzue zuk eta zure txakurrek?
Ez daukat egutegi zehatzik entrenatzeko. Kanpantxun (Ajangiz) entrenatzen ditut txakurrak, sei bat kilometro eginda. Gero, etxean txakurrak utzita, nire kontura entrenatzen dut mendian, bizikletan. Datorren urtera begira, zertxobait serioagoa egiteko asmoa dut.
Zein izan da aurtengo zure helburua?
Ez dut helbururik eduki aurten. Espainiako Kopako lasterketa guztiak egin nahi izan ditut, eta nola moldatuko nintzen ikusi, eta ondo atera zait.
Eta datorren urtekoa?
Espainiako Kopa lehiatzeko asmoa dut datorren urtean ere. Europako txapelketa egiteko asmoa dute, eta bertan parte hartzea ere gustatuko litzaidake.
Bizikletan ariko al zara datorren urtean ere?
Bai, hori da. Patinean lehiatzen hastea ere gustatuko litzaidake, baina oraindik nire txakurra gaztea da, eta beste txakur baten faltan nago. Modalidade bi horietan parte hartu gura dut.
Lurrean aritu zara orain arte, baina elurretan ere ibiliko zara.
Bai, elurretan ere ibiliko naiz, baina Espainiako txapelketa, esaterako, ezin izango dut lehiatu, autoetako lasterketa bat baitugu asteburu horretan. Euskadiko txapelketa egiteko asmoa ere badute, beraz, hor parte hartuko dut, eta baita Asturiasko txapelketan ere.
Elurretan ala lurrean nahiago?
Orain arte ez naiz elurretan lehiatu; entrenatu besterik ez dut egin. Baina probatu nuen eta asko gustatu zitzaidan. Lurreko zenbait lasterketa ere oso politak izaten dira. Beraz, ezingo nuke esan bata edo bestea nahiago dudala.
Ba al duzu mushing munduan hastear dauden pertsonentzako aholkurik?
Gogoa duenari gogor ekiteko esango nioke, batetik; eta, bestetik, txakurrari presarik ez sartzeko gomendatuko nioke, txakurrek ere gozatu egin behar baitute.
Norberak ez ezik, txakurrek ere gozatu egiten dute, beraz.
Guk ez dugu nahi txakurrek sufri dezaten. Gogoz ateratzen dira kalera, asko gozatzen dute. Bizikleta ateratzen ikusten nautenean pozez zoratzen dira.