Aratusteetako egunik garrantzitsuena dute gaur bermeotarrek, eta, besteak beste, tabernen mozorro lehiaketako irabazleak hautatu dituzte. Epaimahaiak goizean zehar bisitatu ditu aurtengo lehiaketarako izena emana zuten zazpi tabernak: Irish, Zubi-Gane, Naia, Akelarre, Kafe Loidxie, Sarabanda eta Gai Sai. Zazpietan onena Naia taberna izan dela ebatzi dute, eta, hurrenez hurren, Sarabandak eta Zubi-Ganek irabazi dituzte bigarren eta hirugarren sariak.
Harriketarrak izan da Naia tabernak aukeratutako gaia, Juegos reunidos Sarabandarena, eta piropoei buruzkoa Zubi-Ganerena. Naia tabernak Belalamera bitxitegiak emandako garaikurra eta bi lagunentzako hiru eguneko egonaldi bat irabazi ditu, Sarabandak lagun birentzako egonaldia eta Itsuki irratian 50 iragarkiko publizitate paketea eta Zubi-Ganek spa tratamendu bat lagun birentzako.
XIV. edizioa izan da aurtengoa. Idurre Bideguren alkateak, Aingeru Astui Kultura zinegotziak eta jai batzordeko kideek osatu dute epaimahaia, eta honakoak izan dituzte kontuan irabazlea hautatzerakoan: tabernen apainketen eta mozorroen originaltasuna, umorea, erabilitako materialen kontsumo orekatua eta mozorroa eta apainketa bat etortzea.
Nabarmendu dutenez, “maila altua” egon da aurten ere. “Oso originalak izan dira, lan handia egin dute eta apaingarri gehienak eskuz egindakoak izan dira”. Tabernek egindako “ahalegina” ere eskertu dute.
Sariak sari, eguraldia ez da laguntzen ari. Goizean, urtero legez, ikasleak izan dira protagonista nagusiak. Mozorroak jantzita pozik joan ohi dira gaurko egunean ikastetxeetara. Ikasleen kalejirak aurreikusita zeuden goizerako, baina San Frantzisko herri ikastetxeko ikasleak baino ez dira kalera atera. Ateratzea erabaki badute ere, egin beharreko ibilbidea laburragoa izan da. Eleizalde ikastolako eta Sagrado Corazon ikastetxeko arduradunek, bestalde, kalejirak bertan behera uztea erabaki dute.
Bigarren saria, Sarabanda tabernarentzat
Hirugarren saria, Zubi Gane tabernarentzat
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.