Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailetik jakinarazi dutenez, “laugarren urtez jarraian lortu da etxeko sastar kopurua gutxitzea”. 2013. urtearekin alderatuta, 2014an %0,32 jaitsi zen bildutako sastar kopurua.
2014an 4.800 tona sastar sortu ziren Bermeon; 0,77 kilo sastar eguneko eta biztanleko, hain zuzen ere. Jaitsieraren arrazoietako bat krisi ekonomikoa izan daitekeela azaldu dute: “kontsumoa muriztu egiten da, eta modu horretan, hondakin koprua ere”. Hala ere, sastar kopuruaren jaitsieraren arrazoi nagusia birziklatzearen “igoera” dela nabarmendu dute Ingurumen Sailetik. Azaldu dutenez, “2014an %2,11 igo zen birziklatzea Bermeon, eta guztira, 1.447 tona hondakin berreskuratu ziren”. Hala, iaz sortutako hondakin guztietatik %26a berreskuratzea lortu da, gainontzekoa, berriz, Zabalgarbiko errauste plantara doa.
Birziklatzearen gorako joera hori, bereziki, etxetresna zaharren eta ontzien kasuan nabaritu dute: %19,4ko igoera izan da etxetresna eta altzari zaharren kasuan (177 tona), eta %2,7koa, berriz, ontzi arinen kasuan (281 tona). Bestalde, paperaren eta kartoiaren bilketak izan duen igoera ere nabarmentzekoa dela aipatu dute, %1,3ko igoera izan baitu (531 tona). Etxeetan erabilitako olioaren birziklatzeak ere %18,7ko igoera izan du.
Arropa bilketaren kasuan, bestalde, jaitsiera nabaritu dute, %15,5 jaitsi dela diote (35 tona), eta azkenik, batutako beira kopurua berdina izan dela azaldu dute Ingurumen Sailetik, 468 tona, hain zuzen ere.
“Garrantzitsua” da Ingurumen Sailetik adierazi dutenez, “kontsumitzerako orduan arduratsuak izatea eta jasangarritasunaren ikuspuntua kontuan hartzea”. Denborarekin, bermeotarrak birziklatzeko ohituretan “hobetzen” joan direla aipatu dute, hala ere, hainbat arlotan oraindik jarrera “hobetu” beharra daukatela gaineratuta: “esate baterako, hondakinak etxeetan bereiztea ondo legoke, ondoren birziklatzeko”.