Busturialdeko kostaldean zundaketa hidraulikoa egiteko baimena dauka Frontera Energy enpresak. ‘Geminis’ dauka proiektuak izena. CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola
Urdaibai Biosferaren Erreserba den heinean, babestutako ingurunea dela presente du Bermeoko Udalak. Eta babestutako gunea den heinean, zaindu egin behar dela dio Josu Unanue Bermeoko alkateordeak. “Aspaldi jakin genuen inguru honetan
fracking-a egiteko plan bat dagoela, Geminis izenekoa”.
Bizkaiko kostaldeko azalera handi bat hartzen du Geminis proiektu horrek, eta jarduteko baimena onartua du enpresak dagoeneko. Busturialdea ere bete-betean hartzen du Geminis horrek. Hala, Bermeo eta Elantxobeko kostaldetik gertu zundaketak egiteko baimena du Frontera Energy-k (San Leon enpresaren filiala). “Zenbat kilometrora zulatuko duten zehatz ez dakigu”. Edonola ere, kalteak handiak izan daitezkeela argi du Unanuek. “Informazio gardenik ez dugu, baina haustura hidraulikoaren metodoa oso agresiboa dela jakin badakigu”.
Oraingoz, esperoan daudela esan du Unanuek, “zer gertatuko zain, ez baitugu informaziorik”. Zundaketek biosfera erreserban izan dezaketen eragina aztertzeko ingurumen inpaktuaren txostena ere ez dute aurkeztu, “eta hori gabe ezer egitea legez kanpokoa da”. Hala ere, aurrera egingo dutelaren susmoa du Bermeoko Udalak, “gune hau babestutako gunea dela kontuan izan barik”. Unanueren esanetan, “beste leku batzuetan ikusi ahal izan da
fracking-a kaltegarria dela ingurumenarentzat, eta kalte handiak sortzen dituela: ura kutsatu egiten da, zundaketak egiteko erabiltzen dituzten tresnek likido kimikoak erabiltzen dituzte… Epe luzera, beraz, kaltea jasanezina litzateke”.
Diotenez, zundaketen bitartez gasa ateratzea erraza da, baita komertzializatzea ere. Eta hori da, hain zuzen,
fracking-aren bitartez energia enpresek egiten dutena: presio handiko fluido baten bidez harri-geruzak hausteko prozesua da haustura hidraulikoa. Oro har, petrolioa, gas naturala edo beste substantzia batzuk lurzorutik erauzteko sortutako prozesua da.
Jarduteko baimenak
EH Bilduren aldeko botoekin, herriko hainbat elkartek
fracking-aren aurka aurkeztutako mozioa onartu zuen Bermeoko udalbatzak, martxoan. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zundaketak egiteko baimena bertan behera uzteko eskatu zien udalak mozio horren bidez; gainera, Jaurlaritzari berari, Espainiako Gobernuari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zein Europako Arartekoei Geminis eta Fracking proiektuen inguruan duten informazioa helarazteko eskatu diete.
2014ko urrian eman zituen Espainiako Gobernuak zundaketak egiteko baimenak, eta kaltetutako zenbait herritako alkateek prentsaurrekoa eman zuten. Besteak beste, han izan ziren Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta Edriga Aranburu Lekeitioko zinegotzia. Horiekin batera, Ondarroako alkate Argia Ituarte eta Eako zinegotzi Juan Luis Landazabal ere bertan izan ziren.
Agerraldian, Jaurlaritzak izandako jarrera salatu zuten. Jakinarazi zutenez, “ezin dugu sinetsi Eusko Jaurlaritzak lizentziak horiek eman izana txalotzea, etekin ekonomikoa multinazionalentzat izango denean, eta ingurumena kaltetzeko arriskua dagoenean”. Koalizioko kideen hitzetan, Espainiak euskal gizarteari bizkarra emanez hartu izan ditu erabaki horiek, eta Jaurlaritzak erabaki horiek babesten ditu.
Kostaldeko herriak bizi duten babesgabetasuna ere salatu zuten. Izan ere, zundaketak arriskutsuak izan daitezkeen arren, ez Eusko Jaurlaritzak ezta Espainiako Gobernuak ere ez dute informaziorik eman. “Ez dakigu zein teknika erabiliko duten, ezta zein arrisku aurreikusten duten ere”.
Araudiaren errespetua
Bizkaian gero eta gehiago dira fracking-aren kontrako jarrera erakutsi duten udalerriak. 30 baino gehiago dira haustura hidraulikoari ezetza eman diotenak; tartean, Bermeo, Gernika-Lumo, Nabarniz, Amoroto, Ondarroa eta Markina-Xemein.
EAJren jarrera, hala ere, zehaztu gabea dela kritikatu izan dute
fracking-aren kontrakoek. Jeltzaleek, aldiz, praktika hori arriskutsua eta kaltegarria dela frogatuz gero, horren kontra egingo dutela esan dute. Iñigo Urkullu lehendakariak berak azaldu legez, “ez dugu ustiapenik ez miaketarik onartuko ingurumenarentzat kaltegarria izan daitekeenik eta babestutako guneetako araudia errespetatzen ez duenik”.