Horretarako, parte hartze prozesu bat abiarazi dute. Bihar egingo dute lehenengo batzar informatiboa.
Gardentasunagaz eta herritarrekaz adostasunetara iritsita garatu gura du udalak Hiri-Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria. Jane Eyre Urkieta Foruko alkateaak azaldutakoaren arabera, «berton bizi garenon beharrizanak ezagutu gura ditugu, herriko garapena bizilagunen beharrizanen neurrikoa izan behar dela uste dugulako. Hauxe da gure gobernuaren helburua, eta hori lortu aldera foruarren ekarpenak entzutekoa ezinbestekoa dugu». Guzti horregatik, alkateak Foruko hiri-garapena eta garapen fisikoa definitzeko egingo dituzten batzarretan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.
Foruko Udalak garatu duen parte hartze prozesuaren lehenengo batzarra bihar arratsaldean izango da. 19:00etan jarri dute hitzordua udaletxeko udalbatzar aretoan. Batzar horretan aurkeztuko die parte hartzaileei HAPO berria diseinatzeko jarraituko duten kronograma. Gaurkoa batzar informatiboa izango dela azaldu dute. Gaurko batzarra gutxi gorabehera ordu batekoa izatea aurreikusten dute eta azalpenak euskaraz zein gazteleraz emango dituztela jakinarazi dute udaletik.
Tekniko aditu batek emango ditu azalpenak gaurko batzarrean, udaletik egin duten hirigintza-soziologia diagnostikoa oinarritzat hartuta. Herriaren egoera urbanistikoaz ariko da eta udalez gaindiko araudiari buruzko azalpenak ere emango dizkie bertaratutakoei, «hirigintzako erabakiak hartzeko orduan dauden aukerak eta mugak kontuan hartzeko».
Jakinarazi dutenez, batzarrak ez dira teknikoak izango, baizik eta tonu dibulgatzailea erabiliko dute, herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten.
Foruko Udalaren parte hartze prozesuaren lehenengo helburua diagnostiko parte hartzailea idaztea dela azaldu dute. Horretan, Foruko etorkizunaren gainean herritarrek dituzten itxaropenak «zintsotasunez» islatu gura dituzte. Dokumentu hori, udalak irizpide teknikoak jarraituta burutu duen hirigintza-soziologia diagnostikoagaz batera, HAPO diseinatzeko lehen urratsa izango dela azaldu dute udaletik, «foruarren benetako beharrizanak kontuan hartuta diseinatutakoa izango da».