Zine-Kluba elkarteak Black Coal pelikula txinatarra proiektatuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, barikuan (otsailak 13), 20:30etik aurrera. Black Coal 2014an kaleratutako filma da, eta hainbat kritika on jaso ditu Diao Yinan zinegileak zuzendutako lanak. Urte horretako Berlingo (Alemania) zinema jaialdian, bestalde, bi sari nagusi irabazi zituen pelikulak. Hain zuzen, filme hoberenaren eta gizonezko aktore protagonista hoberenaren garaikurrak jaso zituen lanak. Interesatuek hiru euroren truke eskuratu dezakete sarrera.
Pelikula txinatarrak intriga, drama eta akzioa uztartzen ditu, polizia istorio baten. Protagonista Zhang Zili da. 1999an, polizia izateari utzi zion, herailketa bat ikertzen ari zela haren bi lagun hil zituztelako.
Herailketa, baina, argitu barik geratu zen, eta bost urte beranduago hiltzailea berriz agertzen da. Polizia utzita, Zhang segurtasun goardia da egun, eta alkoholismo arazoak ditu.
Hiltzailea berriz agertzean, hala ere, gaizkilea berez kabuz harrapatzen saiatzen da polizia ohi izandakoa. Ikerketan hainbat gora-behera izango dira, eta Zhang-ek horiei guztiei egin beharko die aurre, haren lagunen hilketak mendekatzeko.