Teknika, fisikoa, zortea eta dirua. Motoziklismoan arrakasta izateko behar-beharrezko lau ezaugarri. Teknikari dagokionez ondo moldatzen denak fisiko gutxiago behar izango du, eta teknikarik ez duenak fisiko doblea beharko du; aukera bata edo bestea, edo biak. Hala dio, behintzat, Gernika Off Road Elkarteko idazkari Juanjo Bilbaok.
Lau ezaugarri horietako baten bat izan du Gernika-Lumoko elkarteak berak ere, horietaz baliatuta, denboraldi «ona» egitea lortu baitu 2014. urtean. Gernika-Lumoko taldea izan arren, Busturialdeko, Lea-Artibaiko, Bizkai osoko, Arabako, Gipuzkoako eta beste hainbat tokitako moto gidariak biltzen ditu bere baitan; 6 urtetik 55 urtera bitarteko 60 bat pilotu, hain zuzen ere.
Izena aldatuta iritsi zen motorzaleen artera Gernika Off Road 2000. urtean. Ordura arte, Gernika Motor Elkartea zen eskualdean moto lasterketak antolatzen zituena, eta lekukotasuna aldatuta, baina helburu beragaz sortu zuten hainbat lagunek Gernika Off Road. Urtean-urtean bi-hiru lasterketa antolatzea da euren funtsezko asmoa, baina, 2007. urteaz geroztik, inguruko motorzaleei laguntza ematean ere jartzen ditu bere indarrak.
Helburua jarri eta bete egin du orain arte bertoko taldeak. 2014an, esaterako, Arratzuko cross countrya eta Ereñoko motokrossa antolatu zituen; maiatzean eta uztailean, hurrenez hurren. Batean zein bestean ikusle eta pilotu dexente bildu zirela adierazi du Bilbaok; horregatik, «pozik» dira lasterketokin.
Pilotuentzako «urte ona»
Antolatutako lasterketekin ez ezik, taldeko moto gidariek 2014an egindako denboraldiagaz ere pozik da Gernika Off Road. Oro har, pilotuentzako «urte ona» izan dela azaldu du taldeko idazkariak.
Lehiatzen dutenen artean taldeko gazteena da, esaterako, Unai Gerrikaetxeberria –12 bat urte ditu–. Bilbaoren esanetan, oraintsu hasi da pilotu itxura hartzen gernikarra; izan ere, gazteegiak direnean ezin daitezke moto gidari bezala baloratu, oraindik, ikasten aritzen direlako. 2014. urtean, baina, lan «polita» egin du, Bilbaoren arabera.
Alexander Olaeta ibarrangelutarra ere gaztea da oraindik, 14 urte besterik ez ditu-eta. Gainera, alturaz txikia ere badela dio Gernika Off Roadekoak; hala ere, Euskadi mailan seguraski onena bera denaren ustea du Bilbaok. 2014an, behintzat, «salto handia» eman du, eta, urte amaierarako konfidantza hartu du.
Lekeitioko Unai Rementeriak, berriz, mailaz aldatu behar izan zuen iaz, eta, hori dela eta, nagusien artean gazteena izan da Lea-Artibaikoa. Dena den, «ondo moldatu» omen da, eta, horretarako bere «gorputz sendoa» lagungarria izan dela deritzo elkarteko idazkariak. «Seguraski 2015eko denboraldian hobeto ariko da; maila ezagutuko du, eta motorra aldatzea ere tokatuko zaio». Bilbaok dioenez, Olaetak teknika hobea badu ere, fisikoki Rementeria gogorragoa da; hala, aurten Euskadiko junior mailan sailkapenean aurrean ibiltzeko aukera izango duela argi du Gernika Off Roadekoak.
Iker Mintegia munitibartarra ere fin aritu da 2014an. Motorrean ibiltzen dakien arren, teknika falta duela uste du Bilbaok, «motorrean ibiltzea eta lehiatzea ez baita gauza bera». Aurten, Espainian ere lehiatzeko asmoa du Lea-Artibaiko moto gidariak, eta, horrek lehiatzerako orduan «lagundu» egingo diola deritzo gernikarrak. Oro har, denboraldi ona egin du, baina hobetzeko modukoa ere badela dio Bilbaok, «motoak hainbat arazo eman baitizkio».
Gomeztarren familiak ere ondo aprobetxatu du 2014a; Espainiako lasterketa guztiak burutu baitituzte aita eta bi semeek. Motoekiko zaletasun handia dute eta lasterketa luzeei neurria hartzea ere lortu dute.
Orain arteko urterik onena, zalantzarik barik, Txomin Arana Ereñoko moto gidariarena ere izan da. Dakarra hasi eta amaitzea lortu zuen urte hasieran, eta Europako txapelketan ere zazpigarren postua eskuratu zuen. Emaitza ona da azken hori Bilbaorentzat. Izan ere, bere ustez, Europan azken aurrekoa izatea ere ez da erraza, «azken egiten duena ere oso ona izaten baita».
Gazteak dira bertoko moto gidariak, eta oraindik, asko dute ikasteko. Horretarako onena, lehia dagoen lasterketetan parte hartzea izango dute, Bilbaoren ustez. Gogoa eta ilusioa, behintzat, ez zaie faltako.
EUSKADIKO SARIAK 2014
Motocross MX-2 Junior elite
1. saria. Unai Rementeria Muniozguren (Lekeitio).
motocross klasikoen euskadiko garaikurra
2. saria. Jose Antonio Ojanguren Marin (Gernika-Lumo).
Motocross promesak euskadiko kopa (gazteak)
2. saria. Unai Gerrikaetxeberria Alkoerta (Gernika-Lumo).
Motocross promesak euskadiko kopa (kadeteak)
2. saria. Alexander Olaeta Agirre (Ibarrangelu).
Cross country senior b
2. saria. Andoni Erauzkin zarandona (Bermeo).
3. saria. Lander Gomez Larrozea (Bermeo).
Cross country junior -e2
2. saria. Iker Mintegia Mendieta (Munitibar).
Cross country junior -e1
3. saria. Unai Rementeria Muniozguren (Lekeitio).