Ondare naturala den heinean, balioan jarri gura du ur partzuergoak, eta kanpaina egiten ari da
Ikasleen eskutik heldu da Zipriztin eskualdeko etxeetara
Ura ondare naturala da, zaindu beharrekoa, ta, Busturialdeko herritarrak horrekin jabetu daitezen, kontzientziazio kanpaina abiarazi nahi du Busturialdeko Ur Partzuergoak. Azaroan eman zuten horren berri, eta eskualdeko talde, elkarte eta eragileekin harremanetan jarri dira. Izan ere, nork bere esparruan zer egin dezakeen zehaztu gura dute, elkarrekin.
«Gure asmoa da nork bere arloan, eragin dezakeen esparruan konpromiso batzuk har ditzala», Busturialdeko Ur partzuergoko presidente Iratxe Arriolak azaldu duenez. Dena den, argitu du, bide hori oraindik lantzeko dutela, eta kontzientziazio kanpaina hori otsailean zehar zehazten joango direla.
Orain, otsailean, ikastetxeetan azaroan hasitako kanpainaren emaitzak batzea eta ondorioak ateratzea izango da eginbeharra. Eskola umeei zuzendutako kanpaina berezi bat diseinatu, eta ura ondare bezala ikasleengana hurbiltzea izan du helburu. Horretarako, umeek bete beharreko hiru fitxa banatu dituzte ikastetxeetan.
Parte hartzea handia izan dela azpimarratu du partzuergoko presidente Iratxe Arriolak, eta kanpainaren balorazio positiboa egin du. «8.000 umek parte hartu dute, haur hezkuntzatik DBHraino», eta fitxa horiek batu ostean, kanpainaren emaitzak aztertu eta ikastetxe bakoitzak gutun bat idatziko du. Gutun horiek, gero, martxoaren 22an Bermeon –Uraren Nazioarteko Egunean–egingo duten jaialdian ipiniko dituzte ikusgai. Bai egun horretarako, zein otsaila-martxorako, ura ardatz izango duten hainbat jarduera antolatuko ditu ur partzuergoak.
Herritarrengana hurbildu
Bitartean, gaur gaurkoz, Lamiarango azpiegiurak erakusteko eta ur araztegian egiten dituzten lanak ikasleengana hurbiltzeko bisita gidatuak ari da eskaintzen ur partzuergoa. «Ikastetxeek erakutsi duten interesa, gainera, handia da», Iratxe Arriolak esan duenez.
Adin tarte ezberdineko ume eta gazteak dira Lamiaran ikustera doazenak, «4 urtetik hasi, eta hortik gorakoak».
Udalek zein herritarrek ere eskura dute instalazio horiek bisitatzeko aukera. Herritarrengana hurbiltzea da Partzuergoaren asmoa, Arriolak dioenez, «ura denona delako, eta balorean jarri behar dugu, gerora ere zaintzeko».