Artike bideko zubia. Argazkilaria: Bizkaiko Foru Aldundia
Bermeoko saihesbidea izango denaren azpiegituretako bat da Artike bideko zubia. 155 metroko plataforma, bere pilote baten gainean biratzea zen, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi legez, «erronka tekniko nagusienetakoa». Atzo goizean hasi eta arratsalderako prest zuten, eta «arrakastagaz» amaitu zutela adierazi dute.
Bermeoko saihesbidean egongo diren hiru zubietako luzeena da Artike bidekoa, 155 metroko luzera du, hain zuzen ere. Martitzenean egin zuten maniobra «konplexua» egin ahal izateko, beharrezkoa izan zuten edukiera handiko garabi bat erabiltzea, horregatik kalea trafikora moztu behar izan zuten. Garabi horren bitartez, egitura behin behineko euskarrietatik behin betiko ainguratze puntura mugitu ahal izan zuten.
Aldunditik jakinarazi dutenez, «orografia oso konplexua duen inguru batean kokatuta joango da Bermeoko saihesbidea, horregatik, Ander Deunako, Artikeko eta Perretxinakoko maldak gainditzeko, beharrezkoa izango da egitura independienteak jartzea». Lanok, honako azpiegiturekin osatzen dira: Gainzabaleko tunela (710 metro) eta Mikel Deunako (58 metro) eta Txarakaneko (155 metro) tunel faltsuak.
Bermeoko saihesbideak hego-ekialdetik ingurutako du herrigunea eta hiru kilometroko luzera izango du. Bermeotik Mungiarako BI-631 errepidearen eta Bermeotik Gernika-Lumorako BI-2235 errepidearen trafikoak batuko ditu, hain zuzen ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, «saihesbideak, egunero, bi mila ibilgailu aterako ditu herrigunetik». Ibilgailu horietako gehienak, gainera, astunak izango direla zehaztu dute.
Proiektua osatzeko, Foru Aldundia 1,7 kilometro duen oinezkoentzako pasealekua egiten ari da Bermeo eta Mundaka artean, BI-2235 errepidearen ondoan. Lanok ia amaituta dituzte.
Aldundiak 53 milioi euroko inbertsioa egin du Bermeoko saihesbidean, eta udaberrirako prest egotea espero dute.